«Ekoizpen ekologikoari aterabide bat emateko saiakera da Ekoalde»

Gurutze Pikabea 2019ko uzt. 13a, 10:00

Hasier Iratzoki etxalartarra eskuinean, Aitor Pinillos lankidearekin. Argazkia: Daniel Campanero

Hasier IRATZOKI ALTZUGUREN EKOALDEKO KOORDINATZAILEA

Nafarroako produktu ekologikoak bildu, banatu eta logistika guztiak kudeatzeko gunea da Ekoalde. Noainen du egoitza eta 55 ekoizleren produktuak eskaintzen dizkie bezeroei

 

Nafarroako elikagai ekologikoen eskaintza antolatzeko bidean bertze urrats bat izan da Ekoalde. Joan den martxoaren 15ean aurkeztu zuten Nafarroako ekoizpen ekologikoa bildu, banatu eta logistika guztia kudeatuko duen gunea eta gelditu gabe lanean ari dira geroztik. Noainen dute egoitza eta tartean dabil Hasier Iratzoki Altzuguren etxalartarra. Ekoaldeko koordinatzaileetako bat da.

Nolatan sortu zen Ekoalde?
2018ko urte hasieran, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK), Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak (INTIA ) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Elkarteak (AEN) lehenbiziko sektorean zein behar eta lehentasun zeuden aztertu ondotik, merkaturatzeko arazoak zituztela ikusi zuten eta horren inguruan proiektu bat sortzea erabaki zuten. Proiektu pilotuak aitzinera eramateko Landa Garapenerako Programatik (LGP) dirulaguntza lortu eta martxan paratzea erabaki zuten. Hasiera hartan, biltegiratze-zentroa sortzea zen asmoa, baina gerora forma hartu eta Ekoalde izena hartu zuen. Nafarroako ekoizle ekologikoak biltzen dituen irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Oraingoz 55 ekoizle daude, eta pixkanaka jendea hurbiltzen ari da.

Zein dira Ekoalderen helburuak?
Alde batetik, egunerokoan lana erraztea da helburua eta bertzetik, orain arte sartu ahal izan ez diren tokietan sartzea. Batez ere ttikiak direnak nahiko baldintza prekarioetan ari dira eta produktu ekologikoak eta kalitatekoak eskaintzeaz gain, eskaerak kudeatu, garraio-lanak egin eta fakturazioa egitea ere tokatzen zaie. Ekoalderekin hori guztia erraztu nahi dugu. Eta bertzetik, kolektibitateetara ailegatu nahi dugu. Hala, bezeroak ekoizleengana banaka joan beharrean edo alderantziz, ekoizleak bezeroengana banaka joan beharrean, Ekoalderekin errazagoa izanen da bertako produktuak bertakoei eskaintzea.

«Ekoizleei egunerokoa erraztu nahi diegu»

Zer da eskaintzen duzuena?
Bezeroei Nafarroako produktu ekologikoen gama bat eskaintzen diegu, dena kontaktu bakarrarekin eskura dezakete eta ekoizleen prezioan. Gure bezeroak kontsumo elkarteak, jatetxeak, ostatuak, hotelak, eskolak, jangelak... izanen dira. Hasiera batean bederen, azken bezeroari ez diogu zuzeneko salmentarik egiten, zirkuitu laburreko denden egoera kontuan hartu behar dela uste dugulako eta horiek ere zaindu nahi ditugulako. Oraingoz, asmoa hori da. Eta bertzalde, ekoizleei lana arintzeko aukera eskaintzen diegu. Banaketa lanaz, eskarien kudeaketaz eta fakturazioaz arduratzen gara. Horrez gain, salmenta bide berriak irekitzeko aukera eskaintzen diegu, baita biltegiratzeko zerbitzua ere. Interesa duen edozein ekoizle egin daiteke bazkide.

Bazkide egitea ezinbertzekoa da?
Ekoizleen kasuan bai. Bezeroak bazkide egin edo ez eztabaidatu beharra dugu, baina momentuko helburua martxa hartzea denez, 2019an ez dugu halakorik eginen. Aurtengo emaitzen arabera ikusiko dugu 2020an bezeroei bazkide egiteko eskatuko diegun edo ez.

Ekoaldeko bazkide izateko baldintzak ekologikoa eta Nafarroakoa izatea dira?
Bai. Bete beharreko bi baldintzak produktuek NNPEKeko zigilua izatea eta Nafarroan ekoitzi edo lantzen dena izatea dira. Dirulaguntza publiko bat jarri den heinean, orain INTIA, NNPEK eta AENekin elkarlanean ari gara. 2020etik aitzinera harremana mantenduko badugu ere, egitasmo independentea izatea aurreikusi dugu, hau da, ekoizleez osatutako mugimendu autosufizientea izatea.

Zein da Ekoalderen antolaketa?
Otsailaz geroztik, bi langile gara, Iruñeko Aitor eta biok, eta hasiera honetan denetarik egitea tokatzen ari zaigu: komunikabideekin egon, eskariak kudeatu, banaketa egin, ekoizleekin tratua egin, bezeroak bilatu... Dirulaguntza lortu genuenez, 2019a galerarik gabeko urtea izateko aukera izanen dugu. Pausoz pauso ari gara eta oraingoz, martxa hartu nahi dugu eta horrek eskulan gehiago eskatzen badu, gehiago hartuko dira. Ikusiko dugu. Horrez gain, junta bat ere badago. Produktu-familia bakoitzetik ordezkari bana hartuta, bortz lagunek eta bi langileok osatzen dugu junta. Gisa horretara, bakoitzaren kezkak eta partikulartasunak biltzeko aukera dugu. Juntak hori transmititzen du. Guk egiten dugun lana juntaren oniritziarekin egina da, adostutako urratsak dira. Bortz familia horiek produktu landuak, barazkiak, haragia, kontserbak eta esnekiak dira.

Nolako balorazioa eginen zenuke orain arte egin duzuen ibilbideaz?
Ona. Gure helburua 30 ekoizlerekin hastea zen eta ekoizleak erakartzeko eginahal berezirik egin gabe 55 direla ikustea seinale ona da. Horrek gure proposamena indartu egiten du. Maiatz erdialdera hasi ginen banaketak egiten eta web orria ere martxan paratu dugu bezeroek eskaerak online egiteko aukera izan dezaten. Telefonoz eta e-postaz ere egin daitezke. Baina eskaera handia izanez gero, mugak ditugu, aipatu ditugun bi argumentu garrantzitsu ditugulako proposamenean: ekologikoa eta Nafarroakoa izatea. Horrek produktu mugatuak direla erran nahi du. Baina eskaria baldin bada eta jendeak estimatzen badu, ekoizle berriak sartzeko aukera handiagoa izanen da eta akaso, ekologikoan ari ez direnak ere ekologikoan hastera animatuko dira. Klik garrantzitsua izaten ahal da.

«Produktu ekologikoen eskaera gero eta handiagoa da»

Zein da ekologikoan ari diren Nafarroako ekoizleen egoera?
Orokorrean, lehenbiziko sektorearen egoera prekarioa da eta Nafarroan lehenbiziko sektorean ari direnen adinaren bana bertzekoa 55 urtekoa da. Horrek hemendik hamar urtera ez dela hamarretik bat izanen erran nahi du. Arriskua sekulakoa da, zaila baita zerbait desagertu ondotik berriz berreskuratzea. Sektorea ekonomikoki ez da bideragarria, ez da baldintza duinetan bizitzeko bidea. Ekologikoaren kasuan, produktuaren kalitatea bermatzeko eta nolabait balio erantsi bat erakusteko bidea izan daiteke. Lanbidea duindu eta bideragarria izateko balio lezake. Eta argi dago lehenbiziko sektoretik bizimodu duin bat ateratzeko aukera izanez gero, aunitzek afizio bezala dutena zerbait gehiago bihurtuko liratekeela eta jende gaztea edo jende gehiago hurbilduko litzatekeela. Baina, orain, egoera txarra da, beheiti doa  eta funtzionatu dezan piezak mugitu behar dira. Ekoalde Nafarroako lehenbiziko sektorean ekologikoan ari diren ekoizleei aterabide bat emateko saiakera bat da. Ea laguntzen dien.

Kontsumo aldetik zein da egoera?
Duela 20 urte ekologikoan aritzeak ez du deus ikustekorik gaur egun aritzearekin. Jendea kontzientziatzen ari da; erdi engainatuak bizi garela ohartzen ari da eta saltzen dutena ez dela erraten dutena. Horren seinale, eskaera gero eta handiagoa da. Jendeak hurbileko produktuak eta ekologikoak eskuratzeko hautua egiten du eta administrazio publikoaren aldetik ere jarrera aldaketa ikusten da. Udalek, guraso elkarteek... eskoletan bertako produktuak sartzeko interesa dute eta alde horretatik, kezka edo kontzientziazio puntu bat sumatzen da. Horregatik, guk, azpitik, gure bidea egitea eta administrazio publikoak portzentaje ttiki bat bertako produktuetan inbertituz goitik berea egitea gakoa izan daiteke. Arazoa moldatuko litzateke. Azken batean, prezio duinetan salmenta bermatuko luke eta horrek sektorea egonkortuko luke. Orain arte, irizpide bakarra prezioa izan da , baina kalitate faltak bere ondorioak ditu, eritasunak, bertzeak bertze. Jendea horretaz konturatzen ari da.

Eskualdearekin zein harreman duzue?
Bidazirekin harreman estua dugu, eta horrez gain, eskualdeko eskoletara eta dendetara joateko asmoa dugu; bertako produktu ekologikoekin lan egin nahi duten eskainiz. Horrez gain, Ekoalderen barrenean dauden ekoizleetako batzuk eskualdekoak dira.

Etorkizunera begira zein dira erronkak?
Hasteko, hutsetik hasitako proiektua denez, guttieneko oreka lehenbailehen aurkitzea da erronka. Horrez gain, eskaerak eta eskaintzak kudeatzeko gai izatea nahi dugu, kalitateko zerbitzua eskainiz. Pixkanaka-pixkanaka ari gara eta hala izan dadin saiatuko gara. Anbizio handiko proiektua denez, poliki-poliki egin nahi dugu aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun