«Elizan dena erdara hutsez izateak mina ematen du»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 10a, 17:10
Hilarrietako sinboloak ezagutzea «historia ezagutzea» da.

Elizaz, euskaraz eta herriaz solastatu da Pello Apezetxea (Goizueta, 1932) Berria egunkariarekin. 

Goizuetan ditu erroak, baina Etxalarren pasa ditu bizitzako urte gehienak: «hamabi urte seminarioan, gero Etxarri Aranatzen hamar urte eta gero hemen [Etxalarren]. Beraz, ia-ia dena Goizuetatik kanpo». Ibilbide horretan guztian herriarekiko hartu-emanari eutsi dio eta, oraindik orain, «hamabost egunetik behin» joaten da. Herritik, etxetik, datorkio euskaltzaletasuna: «etxean ez dut behin ere erdaraz hitzik entzun, herrian lagunekin ere ez».

Kontatu dienez, Iruñeko seminarioan ez zuten euskaraz egiten: «1943. urtea zen, gerra ondorengo urteak oso txarrak izan ziren euskararentzat, orduko agintariek debekatu eta zigortu ere egiten zutelako». Erratzuko irakasle batek «urtean hamabost bat aldiz» toponimiari buruzko gauzak kontatzen zizkien eta «tarteka-tarteka euskal dantzak egiten ziren, baina bestela ez».

Euskararekiko atxikimendua

Aitortu duenez, «seminarioko azken urteetan zerbait irakurtzeko aukera» izan zuen. Dena dela, Etxarri Aranatzen garatu zitzaion euskararekiko atxikimendua: «elizan-eta euskaraz hitz egiten genuen, jendearekin ere bai». Are gehiago, «batzuetan euskararekin zerikusia zuten bilerak» ere egiten zituztela kontatu dio Berriari. Kontzientzia urratzaile izan ziren urte horiek berarentzat: «urte horietan joan nintzen ohartzen. Etxalarrera etorri, eta hemen gehiago. Bortzirietan bazen, sortu zen eta indartuz joan zen euskararen aldeko mugimendua». Mugimendu horren bueltan «haurrei euskara erakusten» hasi ziren eta euskaltegiak sortu ziren: «hemen [Etxalarren] eskolak ematen nituen, baita Lesakan ere».

«Elizak orain dela 50-70 urte bezala segitzen du»

Elizan euskaraz aritzea ere beraien erabakia izan zen: «gure gauza izan zen. Elizaren aldetik (...) orain ere nahiko eskas gai horretan. (...) Apezpikutzak ez du horretan kontzientziarik». Horren aitzinean, argi adierazi du bere jarrera: «nik uste dut publikoa den gauza guztietan euskarak agertu behar duela euskalduna den herrian; bestela, lehen ere nahiko erdara entzun eta idazten da». Zentzu horretan, elizak «orain dela 50-70 urte bezala» segitzen duela uste du: «apezpikuak euskalduna behar luke (...) hitzik ere ez daki euskaraz». Apaiz euskaldun izateak «tripako mina» ere eragin izan die: «dena erdara hutsez izateak mina ematen du. Euskara ez dago onartua; beraz zu ere ez zaude onartua». Seminarioko bidea «txikitatik» heldu zaio: «han hasi nintzen solfeo ikasten» eta «han kantatzen genuen abesbatzan». 

Ttipi-Ttapa fundazioko lehendakari

Euskalgintzan eginiko lanarekiko lotura estuan, sar daiteke Ttipi-Ttapa fundazioan eginiko lana. Fundazioko lehendakaria da Apezetxea eta ongi ezagutzen ditu pausoak. Aldizkariaren sorrerari ere tarte egin dio: «bi-hiru lagun hasi ziren horretan, eta bi hilabetetik behin ateratzen zuten (...) gero hamaboskari egin zen, beste jende batzuk sartu ziren...». Hein batean bederen, euskararen normalizazioan eragin zuen aldizkariaren sorrerak: «herriko berriak izanik, arruntak, hurbilekoak eta erraz idatziak, hori irakurtzen zuten, eta geroz eta gehiago (...) elkar ezagutzen baitute jende askok, eta interesa dute».

Etnografia ikertzen

Elizan eta euskalgintzan ez ezik, ikerketan ere aritu da. Ezagutzarik gabe, ekin zion etnografia ikertzeari: «Goizuetako etxeen izenen liburua gogoan». Jakin-nahia piztuta hasi zen eta berriki hilarriei buruzkoa argitaratu du. Hilarriak «kulturaren adierazgarri» dira Apezetxearen ustez: «bizitzako eta heriotzako ohiturak dira (...) sinboloak daude harrietan eta horiek ezagutzea historia da».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun