Bixente Igartzabal bederatzigarren izan da Altriman triatloi gogorrean

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 9a, 06:30
Bixente Igartzabal eta Ion Urra, garaikurrak eskuetan dituztela.

Uztailaren 6an, zapi gorria lepoan jantzi ordez, maillota soinean dutela ibili dira Beti Gazteko Iñaki Igoa eta Bixente Igartzabal lesakarrak. Frantziako Les Angles hirian jokatzen den Altriman proban parte hartu dute eta berekin batera, Beti Gazteren izenean, lehiatu da Hiruka taldean ari den Ariako Ion Urra triatloilari ere.

Hamaikagarren edizioa bete du aurten munduko triatloi proba gogorrena bezela ezagutzen denak. Parte-hartzaileek 3.800 me­tro egin behar zituzten igerian, 198 kilometro bizi­kletan (8 mendi gain pasatuz eta 5.060 metroko­ desnibel positiboarekin) eta bukatzeko, maratoia (42.195 metro) lasterka. Probaren berezko baldintza gogorrei, beroa eta haize bortitza gehitu zitzaizkien eta horren ondorioz, 206 parte-hartzaileetatik 90k soilik lortu zuten helmugara iristea. Sailkapen orokorrean bederatzigarren izan zen Bixente Igartzabal eta podiumera ere igo zen, beteranoetan hirugarren postua eskuratuta.

Emmanuel Piron izan zen helmugara iritsi zen lehendabiziko gizonezkoa, ibilibidea 13 ordu, 33 minutu eta 39 segundotan osatuta. Lehendabiziko emakumea Nathalie Villette izan zen, 17 ordu eta 18 segundotan helmugaratuta. Biek ala biek, ohikoa baino denbora gehiago behar izan zuten proba bukatzeko. Iñaki Igoak saio polita egin zuen igerian baina arazo mekanikoak tarteko, ez zuen proba bukatzerik izan. Ion Urra bosgarren izan zen, 13 ordu, 57 minutu eta 35 segundoko denborarekin eta Bixente Igartzabal bederatzigarren 14 ordu, 39 minutu eta 35 segundoan osatuta proba. Biak igo ziren podiumera, Ion senior mailako irabazle izan zelako eta Bixente hirugarrena beteranoetan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun