Lesakako sanferminetara joateko bestabusa zerbitzua eskainiko dute

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 12:00

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, ortziralean eta larunbatean ibiliko da autobusa bortz herrietan.

Ortzirale eta larunbateko ordutegia bera izanen da. Arantzako aparkalekutik 21:45ean aterako da lehenbiziko autobusa eta Lesakarako bidean, Igantziko Bi-bidetik 22:00etan eta Etxalarko Landaburutik 22:15ean pasako da. Bigarren autobusa 23:30ean aterako da Arantzatik eta 23:45ean Igantzitik eta 00:00etan Etxalartik pasako da.

Beratik, berriz, hiru autobus aterako dira: 22:00etan, 23:00etan eta 00:00etan. Toki Onako aparkalekutik aterako dira eta Agerra auzoan ere geldialdia eginen dute.

Itzulerako autobusak, bertzalde, Lesaka sarreran dagoen biribilgunetik aterako dira. Etxalar, Igantzi eta Arantzara doazen autobusak 03:30ean eta 06:30ean abiatuko dira eta Etxalarren (03:45ean eta 06:45ean) eta Igantzin gelditu ondotik (04:00etan eta 07:00etan), Arantzara 04:15ean eta 07:15ean ailegatuko dira.

Berara lau autobus aterako dira: 03:30ean, 04:30ean, 06:00etan eta 07:00etan.

Joan-etorriaren prezioa bortz eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun