Substantzien kontsumoaz ohartarazteko kanpaina abiatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 13:00

Kontsumitzea erabakitzen duenak kontsumo arduratsua egitea eta arriskuak guttitzeko neurriak hartzea dira sare sozialen bidez zabaltzeko abian jarri duen kanpainaren helburuak. Horren baitan bideoa kaleratu berri du.

Bortzirietako Gizarteko Zerbitzuen Mankomunitateak substantzien kontsumoaren aitzinean, prebentzioa bultzatu nahi du. Horren harira, «lehenbiziko egitekoa erabakitzea» dela oroitarazi du, «bakoitzak zer nahi duen, noiz, nola, norekin, zenbat... nahi duen» erabaki behar duela. Eta argi utzi du «ez kontsumitzea aukera bat dela. Bereziki lagun taldearen aldetik errespetatu beharrekoa izanen da lagunetako batek ez kontsumitzea erabakitzen badu».

Kontsumitzea erabaki duenari «kontsumo arduratsua egiteko eta arriskuak guttitzeko aholkuak» eman nahi dizkiete Mankomunitatetik: «atseden hartu, substantzia nahasketarik ez egin, norbere erritmoa errespetatu, etxerako itzulera zaindu, gaizki egonez gero bakarrik ez gelditu edo lagunak bakarrik ez utzi eta osasun arreta behar izanez gero, 112ra deitu». Eta gisa berean, «18 urtetik beherakoek edozein kontsumo legez debekatua» dutela eta «gorputzean eta garunean substantziek eragiten dituzten kalteak handiagoak» direla nabarmendu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun