«Bizitzan behin gerta litekeen gauza horietakoa izaki, ilusioz bizi nahi dut Sanferminetako txupinazoa botatzeko momentua»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 3a, 13:05
Joseba Lasa izanen da sanferminetako txupinazoa botako duena Lesakan.

Joseba Lasa, Lesakako sanferminetako txupinazoa botako duen gaztea

Joseba Lasak izanen du aurten Lesakako sanferminak hasteko lehen suziria botatzeko ardura. «Ez nuen espero. Bizitzan behin gerta litekeen gauza horietakoa izaki, ilusioz bizi nahi dut momentua», aipatu digu lesakarrak. Sanferminetako egunik gogokoenea «peñen eguna da, dudarik gabe» eta ikusteko, «betizuak gustatzen zaizkit».

Lesakako sanferminei zerbait kentzekotan, «asteburuan sortzen den zikintasuna kenduko nuke», dio. Eta zebait gehiago jartzekotan, berriz, «saltsa polita izaten zen peñen jaitsiera eta gero betizuak zirelarik», aipatu digu. Bestondoa kentzea ere ez litzaioke gaizki irudituko 37 urteko lesakarrari, «ez baita hurrengo eguneko buruko mina bakarrik, gehiago luzatzen da…».

Pilotaria eta pilotazale izaki, pilota eta pelotazoaren artean ez luke aukeratzen jakine, irri artean dioenez: «onena, pilota ikustera joan ‘pelotazoa’ eskuetan». Besta bat noiz da «motza» eta noiz da «pasa» galdetutakoan, berriz, hauxe dio: «’Motza’ da gaupasa bat bera ere egiten ez duzularik, eta pasa’ bi egunetan etxetik agertzen ez zarelarik».

 

37 urteko lesakar gaztea da; «bueno, gaztea… ez hain gaztea jada» –berak dioenez–; Frain auzoko Balentzieneako Bordan jaioa da eta han bizi izan da 2016. urtera arte. Lesakako Irain eskolan hasi zituen bere ikasketak eta Berako Toki Ona institutuan segitu. Hemezortzi urtetan, igeltsero hasi zen lanean, eskola utzi eta segituan. Ondotik, lau urtez aritu zen Irungo enpresa batean. Betitik izan du kirolerako zaletasuna, baina baditu bertze afizio batzuk. Orain dela bortz urte izandako auto istripu larri baten ondoren, gurpildun aulki batean egiten du bere egunerokoa.

Joseba Lasa nor den galdetu eta zera azpimarratzen digu: «baserriko bizitzarekin hagitz identifikatua sentitzen den herritarra, egunero egiten diet gurasoei bisita baserrira. Anaia eta koinata ere hurbil ditut, baina, batez ere, Amets eta Oihanen osaba naiz».

Kirolzalea izaki, arlo bat baino gehiago probatuak ditu bere bizitzan zehar, hala nola futbola hasiera haietan, gero sokatira eta gaur egun pilota pala modalitatean. «Beti Gazte futbol taldean hamabi urterekin hasi eta «jubenilen« kategoria arte aritu nintzen Kristo Enea futbol zelai ahaztezin hartan. Kristorena zen hura, eskerrak Mastegira pasatu ginen gero! Sokatira taldean aritu nintzen ondorengo urtetan, baita Cork-eko mundialetan egon ere. Oroitzapen politak ditut bidaia hartakoak, nahiz eta ez ginen txapeldunak izan. Istripua izan eta gero, saskibaloia probatu nuen, aulki berezi batzuekin, baina, pilota gustukoago izaki, gaur egun horretan nabil.

Pala modalitatean indartsu dabil, eta berriki Mastec Cup txapelketako txapela bat lortu du binaka. Josebak horraino ailegatzeko egin behar izan duen lana azpimarratu nahi du: «astean hiru egunetan entrenatzen dugu; Errenterian, astelehenean; asteartean, Aginagan, eta ortziraletan, Lasarten. Normalean, frontoi irekian, baina trinketean ere egiten ditugu saioak. Lagun talde bat elkartzen gara kirol hori praktikatzeko, entrenatzaile baten laguntzarekin. Egindako lanak eraman nau berriki txapela lortzera Beasain-en jokatutako finalean, Euskal Herriko kirol egokituen federazioak antolatutako txapelketan».

Pilota ez da Josebak duen zaletasun bakarra. Urria ailegatzean haizegoari begira ere jartzen da, bertze hainbertze herritar bezala. Uso ehiza maite du. «Gero eta uso gutiago etortzen den arren, urrian ia egunero goitzen naiz mendira. Ehiza elkartekoek postu bat egokitu didate Elutxa mendian, toki ederra, bista politak… usoak falta aunitzetan». Nabari zaio solasean mendia gustuko duela, bereziki xoko hauek aipatzen dituelarik: «Ikaragarri polita da Bianditzeko kaskoa, handik ederki ikusten ahal da Donostialdea guzia. Artikutzako presa ere aski ederra, baita parke natural hori gure herriarekin mugatzen duen zerrakuraren ibilbidea».

Izandako auto istripu larriari buruz ere solastatu nahi izan digu Josebak, hartatik bere egunerokoa erabat aldatu behar izan duelako eta ibilbidea ez delako erraza izan. «Gogorra izan zen hura, eta oraindik ere hala da. Hasieran Donostian eta Bilbon egon ondoren, urte eta erdi Logroñon pasa nuen, errekuperazioan eta egunerokotasuna nola eraman ikasten. Autoak gidatzeko beharrezkoa nuen baimen berezia ere atera nuen, baita informatika ikasketak egin ere. Autoan ibili ahal izateak askatasuna ematen dit harat-honat ibiltzeko, entrenamenduetara joateko, etab. Garrantzitsua izan da niretzat».

Etorkizunari buruz solasean hasi garelarik, argi du Josebak zein duen bere nahia. «Gaur egun neguan hilabetean behin izaten ditugu pala partidak guti goiti-beheiti, eta udaran herrietatik deitzen digute. Horrela segitu nahi dut, ahal dela partida gehiago izan, kirol modalitate horri presentzia handiagoa emateko. Lau laguneko talde bat gabiltza herrietako bestetan erakustaldiak egiteko gogoekin, joan den ekainaren 22an Igantzin izan genuen bat, adibidez».

Bukatzeko eskerrak eman nahi dizkie «beti ondoan izan ditudanei, bai gurasoei, bai lagunei, bai bertze aunitzeri ere. Nire bizitzaren esperientziak erakutsi dit bai niregatik bai nire ingurukoengatik aitzinera egin behar dela beti».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun