«Hagitz polita da haurrek erraldoiei nola begiratzen dieten ikustea»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 3a, 12:00

Nobeto Mitxelena, Bittiria peñako kideekin batera, tanborradan.

Nobeto Mitxelena, Konpartsako kidea

Ezezkorik erraten ez dakiela pentsa liteke Nobetoren karguak irakurritakoan: Kankako taldekidea, suhiltzaile boluntarioa, konpartsako partaide eta Bittiriako peñaren parte. «Saltsa guzietako perrexila» dela aitortu du berak ere. Berezkoa omen du: «batean edo bertzean jendea falta dutela erraten badidate, gustatzen zait inplikatzea». 

 

Erraldoiak dantzatuz

Halaxe hasi zen dantzan jakin gabe ere erraldoiak dantzatzen. Ordura arte, lau laguneko kuadrilla ibiltzen zen erraldoiekin: «azken aldian, Pitxurri, Egoitz, Haritz eta German eta bi erraldoiekin ibiltzeko lau lagun gutti dira». Konpartsa indartzeko asmoz, «hamar bat laguneko taldea elkartu ginen». Gehiago izanik, «balsak prestatu ditugu, erraldoi gehiago ateratzeko aukera dugu... konpartsak itxura osatuagoa du». Aitorpen ttiki bat ere egin du: «52 kilo inguru mugitu beharrak baino, kezka gehiago eragiten zidan nire oinak dantzarazi beharrak». Ez omen du egundaino dantzatu, baina «hasieran lotsa izan arren, batekin eta bertzearekin arituz, pausoak ikasiz, txuleta hartuta... ikasi dut». Eginahal guztiek merezi omen dute: «polita da hagitz ikustea haurrek erraldoiei nola begiratzen dieten, izaten duten emozioa. Eta gainera, giro paregabea dugu gure artean».

Sanferminetan badute hitzordu berezia: «Lesakako Bandak uztailaren 5ean eskaintzen duen sanferminetako kontzertuan parte hartuko dugu. Bals batzuk egokitu dituzte eta guk erraldoiekin dantzatuko ditugu». Ez da erraldoiak karrikara aterako dituzten aldi bakarra. Izan ere,  «San Fermin bezperan, altxaferoa baino lehen herriari itzulia emanen diogu eta haurren egunean ere bai».

 

Bittiriko peñarekin

Bittirikoa izanik, ezin du bertako peñatik aparte ibili. Mende laurdena bete zuten duela bi urte baina hori ez omen da seinale ona: «zahartzen ari garen seinale da» erran digu irrika. Behar bezala ospatu omen zuten urteurren borobila eta aurten ere, urteurren ofizialik gabe, izanen dute bestarako aitzakia: «urtean behin Bittiriko denak gosari eta bazkari batean elkartzen garen egun bakarra da eta horregatik, ezin da hutsik egin».

 

Bestako txinparta eskuan

Bere ustez, sanferminetako egun bakoitzak «badu bere xarma». Halere, bezpera gogo bereziz hartzen du: «urte guztia esperoan egon eta polita da, 'ailegatu dira' erratea». Plazako altxaferoa lagunartean ikusten du, baina berak ere badu bestako txinparta pizteko ardura:« bezperako danborradako eta peñen eguneko altxaferoak botatzen ditut. Bakar-bakarrik joaten naiz txoko batera, altxaferoa eskutan, nire gauzekin eta emozionatzen naiz. Altxaferoa biztu eta... Gora San Fermin!». Hori omen da bestetako bere momentikoa.   

Hain ditu maiteak bestak, ezen, deus ere ez lukeela aldatuko: «ederki daude dauden bezala, eskatzen hasita egun gehiago eskatuko nituzke. Motz gelditzen da». Horren seinale da Lesakakoak bukatuta Iruñekoetara egiten duela bueltaxka: «ostatuetan lan egiten nuen garaian hartu nuen ohiturarekin segitzen dut».

 

Azken aitzinekoa beti

Badu gazte garaian hartu eta baztertu ez duen bertze ohitura bat ere, Kanka taldekoekin baxua astintzekoa, hain zuzen: «1988an eman genuen lehendabiziko kontzertua Kankako taldekideok, Nafarroa Oinezen bezperan eta oraindik segitzen dugu». Ofizialki, duela hilabete batzuk eman zuten azken kontzertua eta «ikaragarria izan zen. Plaza bete jende, gazteak, haurrak, gure adinekoak beraien seme-alabekin... hagitz polita izan zen». Horregatik, agian, kosta egin zaie taldeari adio erran eta musika-tresnak bazterrean uztea: «ez dakigu noiz itxi etapa hori, noiz deskonektatu. Azken kontzertua diogu, baina eguna ez da inoiz ailegatzen. Badaezpada, azken aitzinekoa erran beharko dugu...».

Erraldoien gonapean, baxua eskuan duela, altxaferoa esku artean edo peñarekin danborra astintzen. Nobetorekin topo egin nahi duenak hamaika aukera ditu. Eta, bertzenaz, erraza da formula: saltsa non, Nobeto han.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun