«Herriko Etxeko ateak zabaldu eta jendea parte hartzera animatu nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 3a, 08:51
Ladis Satrustegi, Lesakako alkatearen agente-makila hartu berritan.

Ladis SATRUSTEGI, Lesakako alkatea 

Ekainaren 15ean aginte-makila hartuta, Ladis Satrustegi izanen da Lesakako alkate datozen lau urteetan. Hauteskunde gauean jasotako zorion mezuekin, agudo atzendu zituen ilunabarreko urduritasun eta tentsioak: «jendearen poztasunarekin eta erakutsitako babesarekin gelditu naiz».

«Gogotsu» hartu du kargua, «zerbait aldatu nahi bada, alde batera gelditu eta kritikatzeak ez duela balio pentsatzen dut». Gaztea da, baina, esperientzia faltari «ilusio, gogo eta ideia berriekin» eginen die aitzin. Gainera, betidanik izan du Lesakako hainbat gairen inguruan jakin-mina eta batzuk hurbiletik jarraitu ditu: «herrigintzan aritu izan naiz eta horregatik gauza batzuetan ez naiz zerotik hasten. Ideia proposatu zidatenean gogoz hartu nuen, eta ongi pentsatu eta gero pausoa ematea erabaki nuen. Taldea hor dut eta familia eta lagunen babesa ere bai. Hori hagitz garrantzitsua izan da niretzat».

 

Solasa lanabes

Azken urteetan Udalaren funtzionamendua «nahiko itxia» izan dela uste du «ideia batzuei lotuegia». Hori aldatzeko: «gardentasunez eginen dugu lan, denei informazio bera helaraziz. Herriko Etxea ireki behar da eta jendearen parte-hartzea bultzatu. Herritar guztientzat egin nahi dugu lan». Solasa izanen du horretarako tresna, «denen iritziak kontuan hartzea garrantzitsua iruditzen zait». Lesaka, «baliabide eta indargune aunitz duen eta ingurugiro ezinhobe batean kokatua dagon herria da» baina baliabideak izatea ez denez aski «lan aunitz egin behar da». Erronka garbia du: «lau urte barru Lesaka justuago bat ikusi nahiko nuke. Karriketan bizia duen herria, berdintasunaren alde dagoen herria, euskalduna, herritarrei proiektu garatzeko aukera ematen dion Lesaka».

 

Indarguneak indartu

Herriari bizia emateko asmo horretan, ezinbertzekoak izanen dira kultur taldeen ekarpenak. Horiek guztiak biltzeko, «kultur bilgune bat osatzeko asmoa dugu. Programazioa, dirulaguntzak edo kultur baliabideen kudeaketaz solas eginen den toki bat. Gure herrian kulturak pisu haundia du eta sortzaile eta hartzaile guztiekin elkarlanean aritu behar dugula iruditzen zaigu». Eta kirolarekin lotutako gaiak ere ezin aipatu gabe utzi: «bide berdearekin konexioa aitzinera atera nahi dugu, Biurgaraietik hasiko dena. Horrek onura aunitz ekarriko dizkio herriari. Bertzalde, kirolariekin elkarlanean, mendietan ibilbide batzuk ere garatu nahiko genituzke, bertakoek zein bisitariek gozatzeko».

 

Atabala astinduz

Alkate-makila hartu aitzinekoa du bertzelako makilak astintzeko afizioa. Musikaria eta musikazalea da eta atabalari lotua ibiliko da sanferminetan ere: «uztailaren 6an txupinazoan eta Tantirumairu dantza taldearen emanaldian jotzen dut beti eta uztailaren 7an txistulariekin Ezpata-dantzarien gibeletik ibiltzen naiz egun guztian zehar». Uztailaren 8an, kuadrillan gozatzeko eguna izaten da: «gosaria egiten dugu eta eguna luzatzea gustatzen zaigu». Biharamunean txoznetan izaten den bazkarira joan eta 10ean kuadrillarekin herri-bazkarira joanda borobildu izan ditu bestak. Aurten, alkate izanik, bertzelako ardura batzuk izanen dituela badakien arren, «seguru nago, bortz egun horietan lana eta bestarako, bietarako tartea izanen dela».

Sanferminetan, orokorrean, egun guztietan zeregina izaten dela aipatu du: «egun denek dute zerbait aipatzeko modukoa, denetan berdin disfrutatzen dut. Ezin dut bat aukeratu egia erran behar badut». Ekitaldi zehatz bat baino gehiago, «sanferminetatik gehien gustatzen zaidana jendearekin egotea da.  Karrikan egon eta modu batean edo bertzean antolatu diren gauza horietan guztietan parte hartzea. Zuzeneko musikaz disfrutatzea ere atsegin dut».

Hobetzeko, berriz, hondakinen gainean jarri du arreta lesakarrak: «orokorrean sortzen dugun zabor kantitatea murriztea» gustatuko litzaiokela aitortu digu. Eta bestaz denok gozatu ahal izateko «bestan parte hartzen dugunon artean errespetua eta berdintasuna egotea» nahiko lukeela dio.

Gonbidapena ere luzatu nahi izan du, «jendea bestaz disfrutatzera animatzen dut». Berak ahal duen neurrian ere gozatuko du eta alkate karguak tentsiorik sortzen badio, beti izanen du eskura atabala, makilak gogor astinduta erlaxatzeko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun