Agerra Mendi Taldeak eta Manttalek bi mailako bi irteera prestatu dituzte. Bietatik eramangarriena Gavarnie herritik aterako da Bujarueloko lepora igotzeko, lau ordu inguruko ibilbidea eta 600 metroko desnibelarekin.
Bertze aukera, gogorragoa, Tentesko lepotik aterako da, Bujaruelotik pasa eta Sarradetseko aterpetxera joateko. Bertatik Errolanen Arraila edo Bretxa igoko dute eta hortik Taillonera. Itzulera bide beretik izanen dute eta sei ordu inguruko iraupena eta 1.200 metroko desnibela eginen dutela kalkulatu dute. Ondotik, bi martxetako partaideak Bujaruelon elkartuko dira, Taillonen zendutako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi mendizaleen omenezko oroitarrian. Omenaldiaren ondotik, Gavarnie herriaren ondoan bazkaria eginen dute.
Txangoa larunbatean 05:30ean aterako da Iamoteneko aparkalekutik eta 21:00-22:00etarako iritsiko da berriz Berara bueltan. Prezioa 15 eurokoa da (autobusa, bidaia eta bazkaria barne).
Izen-emateak mugatuak dira eta Agerrako Pikabea Harategian eta Altzateko Agara Prentsan eginen dira. Izena emateko orduan izena, abizena, telefono zenbakia eta posta elektronikoa eman beharko dira.