Arantza eta Igantziko Udalek bi herrietako idazkari eta kontu-hartzailearen lanpostua betetzeko deialdia egin dute

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 30a, 11:00

Aldi baterako lanpostua izanen da eta interesatuek uztailaren 8rako aurkeztu beharko dituzte eskaerak Arantzako Herriko Etxean.

Azken hogeita bat urteotan Arantza eta Igantziko udal batasuneko idazkari eta kontu-hartzailea izan den Mari Jose Larraioz urroztarrak Lesakako idazkari lanposturako frogak gainditu ditu eta Arantza eta Igantziko idazkari izateari utzi dio. Hala, bi herriek lanpostu hori betetzeko deialdia egin dute.

Aldi baterako kontratua eskaini dute eta aurkezteko Zuzenbideko gradua, Zientzia Politikoak eta Administrazioa gradua edo Zientzia Politikoetan lizentziatua izatea ezinbertzekoa izanen da. Horrez gain, euskararen ezagutza ere nahitaezkoa izanen da eta horretarako Hizkuntza-Eskolaren titulazioa aurkeztu beharko da (C1, EGA...). Ez dutenek euskara proba gainditu beharko dute. Gainerakoan, bertze proba teoriko bat egin beharko dute guztiek.

Eskaerak uztailaren 8ko 13:00etan aurkeztu beharko dira Arantzako Herriko Etxean. Behin epe hori pasatuta, hiru egun balioduneko epean onartutako behin-behineko hautagaien zerrenda argitaratuko dute Arantzako Udalaren webgunean (arantza.eus).

Aipatu, proba teorikoa gainditu eta lanpostua lortzen ez dutenen artean lan-poltsa osatuko dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun