Iruñeko Kasino Berriko sanferminetako zapia diseinatu du Juan Carlos Pikabea lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 27a, 14:00
Juan Carlos Pikabea, Iruñeko Nuevo Casinoko ordezkariekin, sanferminetarako duten programaren eta zapiaren aurkezpenean.

Aitzineko bi urteetan bezala, sanferminetarako zapi bereziak eginen dituzte aurten ere Iruñeko Nuevo Casino-Kasino Berrian. Horien diseinua Nafarroako artistei eskatzen diete. 2017koa Mikel Urmenetak diseinatu zuen, 2018koa David Alegriak eta aurtengoa, Lesakako Juan Carlos Pikabea Zubiri margolariak egin du.

Artearekin lotutako bertze hainbat egitasmotan murgilduta dabil Pikabea. Ekainean, artea ikastetxetara hurbiltzeko asmoarekin, Iruñeko Izaga ikastetxean bere margolanak erakutsi ditu, Pedro Lanz lesakarraren eta Beintza-Labaienen bizi den Lesagibelen eskulturekin batera. Ikastetxean tailerrak eta bisita gidatuak ere egin ditu eta datorren ikasturtean egitasmo hau zabaltzeko asmoa du bertze ikastetxeetara ere.

  

Abuztuan erakusketa bere etxean eta azaroan Lesakako inauteriei buruz Baionako Euskal Museoan

Aitzinera begira, abuztuan bere etxean, Otsango auzoko Irisarrin, egin ohi duen erakusketa zabaltzeko asmoa du aurten ere Pikabeak. Gainera, azaroan, Baionako Euskal Museotik bertan egin nahi duten Lesakako inauteriei buruzko erakusketa kudeatzeko mandatua ere hartu du. Bere margolanez gain, argazki-lanak eta bertzelako erakustaldiak egin nahi lituzke. Azken bi urteetan Iparraldeko inauteriei buruzko erakusketak egin dituzte Baionan eta aurten Lesakakoak eman nahi dituzte ezagutzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun