Pauso eta Salto gazte topaketak Arantzan borobilduko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 27a, 07:30

Udalerri euskaldunetako 56 gaztek parte hartuko dute UEMAren ekimenean

Asteazkenean Usurbildik abiatuta, Oiartzun eta Beratik pasako dira eta ortziralean Arantzara ailegatuko dira eta han eginen dute igandera bitarteko egonaldia. Gazteak kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea izanen da udalekuaren helburua.

Gazteentzako udaleku ibiltaria antolatu du aurten UEMAk, eta hala, udalerri euskaldunetako 56 gaztek Usurbildik Arantzarako bidea eginen dute UEMAren hezkuntza arduradunarekin eta bertze bortz begiralerekin batera. UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangaren hitzetan, «euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin».

Gazteen artean euskararen ezagutzak goiti egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbertzekoa dela iritzita, hainbat udalek ere berariaz lagundu dute ekimen hau, herriko elkarteen eta eskolen artean ekimenari buruzko informazioa zabalduz. Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalek, berriz, herriaren baliabideak ere jarri dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko.

EGITARAUA

· Ekainak 26, asteazkena: Usurbil-Oiartzun. Harria Hitz ibilbidea, Usurbilen. Oiartzunen, zirkoa, igerilekua eta kantu afaria.
· Ekainak 27, ortzeguna: Oiartzun-Bera. Beran, bertso-bazkaria, triki-martxa eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua (Berako plazan, 20:30ean).
· Ekainak 28, ortziralea: Bera-Arantza.
· Ekainak 29, larunbata: Arantza. Ur jolasak, gaubela, herri-kirolak eta arnasguneen tailerrak.
· Ekainak 30, igandea: Arantza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun