Izaki Gardenak taldeak kontzertua eskainiko du ekainaren 27an Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 25a, 14:00
Izaki Gardenak taldeak kontzertua eskainiko du ortzegun arratsean Berako Herriko Etxeko Plazan.

Kultur 2019 egitarauko eskualdeko bigarren emanaldia ortzegunean 20:30ean hasiko da Herriko Etxeko plazan 

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatutako Kultur 2019 programaren hogeita laugarren edizioaren baitan ekainaren 21etik irailaren 7ra musika, dantza eta arteko 36 emanaldi prestatu dituzte. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 35 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Eskualdean, Lesaka, Bera, Zugarramurdi, Elizondo, Donamaria eta Bertiz ukituko ditu. Ekainaren 27an, ortzegunean 20:30ean, Izaki Gardenak taldeak kontzertua eskainiko du Berako Herriko Etxeko Plazan.

Izaki Gardenak 2012an sortu zen Jon Basagurenek konposatutako abesti batzuei forma emateko. Urte bereko irailean abesti horietako bost grabatu zituzten Iñaki Llarenaren estudioan. Grabazio haiek Oihuka/Elkarrek argitaratutako Itsasargiak izeneko EPan azaldu ziren. 2013ko udan, Donostiako Elkar estudioan sartu ziren Amaieratik hasi taldearen lehen diskoa grabatzeko Víctor Sánchezekin. Diskoa urte bereko urrian kaleratu zen eta taldea Euskal Herrian gehiago ezagutzeko balio izan zuen.

2015eko udazkenean Aurri gara kaleratu zen, aurrekoa bezala Elkarren grabatutakoa Víctor Sánchezekin. Lan horrek oso kritika onak jaso zituen eta amerikar/folk estiloko estatuko disko onena aukeratu zuen Mondo Sonoro aldizkariak. Bira luze baten ondoren, 2017ko martxoan atseden hartzea erabaki zuten. 2019an, Dena osko kaleratu dute eta agertokietara itzuli dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun