San Juan suak herriz herri

Suak, euskarak eta dantzak bat egin dute Lesakako San Joan bezperan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 24a, 08:33

Tantirumairu euskal folklore taldearen izenean Garbiñe Sarasolak piztu du sua

San Joan bezperako ekitaldia ospatu dute aurten ere Lesakan, Euskara Batzordeak bultzatuta, Euskara mingain dantza goiburupean. Izan ere, sua ez ezik euskara eta dantza protagonista izan dira aurtengoan. Tantirumairu Euskal Folklore Taldea omendu dute aurtengoan eta, bere izenean, Garbiñe Sarasolak piztu du sua.

Ekainaren 23ko arratsaldeko jaialdia hasteko, herriko trikitilariek ‘Biziberrituz euskara’ kanta jo zuten eta segidan, Bortzirietako bertso-eskolako ikasleek bere saioa eskaini zuten. Ondotik, Txoltxan Txoperenak, Lesakako Euskara Batzordearen izenean, aurtengo manifestua irakurri zuen.

 

Manifestua

“Berriz ere ailegatu zaigu San Joan bezpera eguna, Lesakan euskarari gorazarre egiteko aukeratu duguna.

Euskara gure hizkuntza dela erraten dugu. Baina, zer da hizkuntza? Bada, komunikatzeko dugun tresna osoena eta landuena; ñabardura guziz osatu duguna geure sentimenduak, beharrak, kezkak, beldurrak, haserreak… azken batean, munduak eta biziak guregan sortzen dituzten zera guziak adierazteko baliatzen dugun kodea.

Hala eta guztiz ere, badira gure barne eta kanpoko munduak agerian uzteko ditugun bertzelako adierazpide batzuk, eta dantza da horietako bat, seguru aski hizkuntza bera baino antzinakoagoa izanen dena. Gorputza mugituz kanporatzen ditugu gure poza, tristura… energia ikuskizun plastiko bilakatuz. Dantzaren bitartez borroka erritu bihurtu dugu eta ezpatak eta makilak joz aditzera ematen dugu hobe dela ezpata-dantzan eta makil-dantzan aritzea ezpatak eta makilak dantzan paratzea baino.

Dema ere bada: ea nork hanka gehiago altxatu; ea zeinek jauzi handiena egin; nor den artista pausuak markatzen edo noren hauspoak luzeago iraun.

Ongi etorria edo ohorea adierazteko ere zortzikoa dantzatzen du aitzin-esku edo aureskuak eta, nola ez, neskatan edo mutikotan ibiltzeko zein dultze-meneoa baino hasiera hoberik?

Eta dantza da Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak urteetan eta urteetan Lesakari eskaini dion ikuskizun paregabea eta, horregatik, aurten San Joan bezpera eguneko su nagusiak piztu dituena izanen da. Aintzinera bada! EUSKARA MINGAIN DANTZA”.

 

Dantzak plazan eta plaza inguruan

Txoperenari hitza hartuz, Tantirumairu Euskal Folklore taldeko Garbiñe Sarasolak piztu zuen plaza erdiko sua, Nati Martikorena, Maite Igarzabal, Jone Elgorriaga, Joxepa Almandoz eta Begoña Gonzalezen irrintziak aditzen ziren bitartean.

Ondotik, Tantirumairuko dantzariek Zortzikoa dantzatu zuten.

Batzuk su-gainean saltoka hasten ziren bitartean, Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda dantzatu zituzten ezpatadantzari taldeko neska-mutilek, txistulari taldeak jotako doinuekin.

Plazaren inguruan jarritako mahaietan herri afaria egin zen ondotik. Batzuk, etxetik eramandako gaiak izan zituzten afaltzeko eta bertze batzuk, Euskara Batzordeak prestatutako bokatak eta edariak. Jeiki Hadi taldearen musikarekin bukatu zuten gau magikoa Lesakan. Zozketak ere egin zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun