San Juan suak herriz herri

San Juan bezperako besta prest du Lesakako Euskara Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 20a, 06:30

Igande honetako ospakizuneko sua pizteko ardura Tantirumairu Euskal Folklore Taldearena izanen da aurten

19:30ean hasita eginen da ekitaldi nagusia Plaza Zaharrean. Lesakako trikitilarien eta bertso-eskolaren emanaldiaren ondotik, adierazpena irakurri eta sua piztuko du aurtengo omenduak, Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak.

San Juan bezperarako ekitaldia antolatu du aurten ere Euskara Batzordeak, Euskara, mingain dantza lelopean. Hiru su piztuko ditu plaza inguruan (handia, ertaina eta ttikia) eta horietaz bakarrik arduratuko dela jakinarazi du. Segidan, Lesakako dantzak dantzatzeko aukera izanen da Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta, hauek sanferminetarako prestatzeko saioa eginen baitute. 21:30ean herri-afaria izanen da, norberak bere afariak eraman beharko du. Euskara Batzordeak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu plazaren bueltan. Afaria etxean prestatu eta plazan denak elkarrekin batera afaltzeko modua izanen da, baita edariak eta bokatak plazan bertan eskuratzeko aukera ere. Afariaren ondotik, opari batzuk zozketatuko dituzte. 21:30ean dantzaldia izanen da Jeiki Hadi taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun