San Juan suak herriz herri

Sanjuanen bueltan pilota partidak, bazkaria eta ekitaldi gehiago prest dituzte Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 18a, 13:00
San Juan bezperan sua saltatuko dute Igantzin, baina aitzinetik eta ondotik ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Larunbatean, II. Artisau garagardo besta eta Mindara elkarteko pala partidak jokatuko dituzte 

Eskolan antolatutako ekintzei segida emanez, ekainaren 22rako ekitaldi sailtxo bat prestatu du Igantziko Biltoki Elkarteak, tartean pilota partidak, eskuz nahiz palaz, aulki gurpildunean, Artisau garagardo bestaren bigarren edizioa, bazkaria eta bertze aunitz.

Larunbat goizez, pilotalekuan, 11:00etan herriko pilotarien arteko esku pilota partidak jokatuko dituzte eta 12:00etan Mindara elkarteko gurpil-aulkietan palaz jokatzen duten pilotariak ikusteko aukera izanen da: Mikel Merino eta Joseba Lasa, Beñat Lizaso eta Jesus Matarranzen kontra. Euria eginen balu, Lesakako Irain pilotalekuan jokatuko lirateke partida guztiak. Frontoian Xorta artisau garagardoa dastatzeko aukera izanen da. 13:00etan poteo herrikoia eginen dute Hurih taldearekin (Lesakako Olaia Iantzi eta Itziar Telletxea) alaitua. Ondotik, Biltokiberfest bazkaria izanen elkartean: Xorta Nafar Pirinioetako artisau garagardoaren dastaketa, eta Hurih bikotea ere bertan izanen da bazkalondoa girotzeko. Bazkarirako apuntatzeko bazkideek Biltoki elkartean bertan egiten ahal dute eta bazkide ez direnek Igantziko estankoan eskura ditzakete txartelak 25 euroren truke, ekainare 19ra bitarte. Bazkalondotik Xorta garagardo-lotea zozketatuko dituzte

 

Igandean San Juan bezperakoak eta astelehenean San Juan Xarren

Igandean, San Juan bezpera egunean, urteroko ohiturari jarraituz, norberak eramandakoarekin afaria eginen da pilotalekuan eta sua piztuko da plazan. Astelehenean, azkenik, meza izanen da San Juan Xarren, inguruko herrietako jendea bilduko duen elizkizuna. Herriko jubilatuak Baratzondon bilduko dira ondotik, adineko herritar guziei irekia dagoen otorduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun