Bortzirietako Garbigunea inauguratu dute ekainaren 14an Alkaiagan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 14a, 14:46

Astelehenetik larunbatera goizez lau orduz irekiak izanen ditu ateak 

Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak hondakinen kudeaketarako Garbigunea inauguratu du ekainaren 14an, ortzirale goizean Alkaiagako industrialdean. Inaugurazio-ekitaldian Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako, Ingurumenerako eta Toki Administrazioko jarduneko kontseilaria eta Miguel Mari Irigoien, Bortzirietako Mankomunitateko jarduneko presidentea izan ziren.

Bortzirietako Mankomunitateak lehendik Alkaiagan zuen nabea biltegirako egokitu dute eta horren ondoan bertze nabe pare bat eskuratu ditu. Horietako batean, Garbigunean, gaikako sailkapena eginen dute eta bertzean bulegoak egokitu dituzte. Garbiguneak astelehenetik larunbatera irekiko ditu ateak goizez lau orduz eta bortziritarrek klase guztietako hondakinak uzteko aukera izanen dute. Edukiontzi horiek 16 eta 32 Tonako garabi-zubien bidez mugitu eta kamioeietan kargatuko dituzte. Mikel Santxez izanen da Garbigunean ariko den teknikaria, eta edukiontzien erabileraren erakustaldi bat egin du.

Miguel Mari Irigoien, Hiri-Hondakin Mankomunitateko presidenteak aipatu duenez, «gaur egun berezia da bortziritarrentzat, Mankomunitatearentzat azken urteetan proiektu garrantzitsua izan baita Garbigunea. Nahiz eta hainbat arazo izan ditugun proiektua aitzinera ateratzeko, harro erran behar dugu Garbigunea badugula eta espeto dugu herritarrek ongi hartzea eskainiko zaizkien zerbitzuak». Eskerrak eman zizkion Toki Administrazioko zuzendari nagusiari, baita Nafarroako Hondakin Partzuergoari, «laguntza ekonomikoaz gain, aholkularitza teknikoa zabala eskaini digutelako».

Isabel Elizalde kontseilariak, bere aldetik, instalazio berria goraipatu du, «denek elkarrekin hondakinak ahalik eta hobekien kudeatzeko bertze urrats bat» eman dutelako Bortzirietan. Azken urteetako lanak ere azpimarratu zituen, «plan berria eta gero legea urrats handiak izan direlako. Zer da azken finean nahi duguna? Hondakinak ahalik eta hobekien bereizi behar dira, bertze eredu bat nahi dugulako, eredu zirkularra, hondakin horietatik berriz ere erabiltzeko moduko produktuak eta lehengaiak lortzeko. Hori da erronka, eredu ekonomikoa aldatzea, aldaketa klimatikoaren erronka».

Bortzirietako Mankomunitateak inbertsio handia egin du bide honetan, Elizaldek aipatu duenez, «azken urteotan 3 milioi euro, baina Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren laguntza ere izan du, toki administraziotik eta Tokiko Inbertsioen Planetik».

Susana Aldaz, obren zuzendariak aipatu duenez, «inbertsioaren zati handi bat Garbigunearen nabea aprobetxatzeko eta aurpegia garbitzeko erabili da, behar bezala egokitu behar izan dira suteen aurkako neurriekin, hori izaten baita nabe zahar hauen arazorik handiena».

Andoni Amutxastegi, Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateko teknikariak ere Garbigunearen erabilerari buruzko azalpenak eman ditu.

Hondakinak hainbat gaika botatzeko aukera baldin bada ere, bertaratutakoek artilearekin kezka berezia azaldu zuten. Artileri horri zein erabilpen ematen ahal zaion jakiteko ikerketen beharra azpimaratu zuen Isabel Elizaldek eta «nahitaez bildu beharreko hondakina», dela ere aipatu du Migel Mari Irigoienek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun