Kalamuaren kontsumoaren inguruko saioak argigarriak izan dira Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 11a, 19:00
Cannabisaren inguruko kanpainaren karteletako bat.

Udazkenean berriz ere antolatzeko asmoa du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kalamuaren edo cannabisaren kontsumoaren arriskuen kontzientziaziorako antolatutako saio-sorta bukatu da. Saioak guraso eta 15-20 urte bitartekoei zuzendutakoak izan dira. Udazkenean berriz hasiko direla ere jakinarazi dute Gizarte Zerbitzuetatik.

 

‘Cannabisak zure garunari eragiten dio. Pentsatu duzu?’ kanpainan oinarritutako egitasmoa izan da. Bertan, cannabis kontsumoaren inguruko zenbait mito argitu dira: sustantzien arteko nahasketa egiteak areagotzen dituen arriskuak, produktu naturala izateak ez duela erran nahi kalterik eragiten ez duenik, cannabisaren zenbait osagai medikuntza alorrean erabiltzeak ez duela aisialdirako kontsumo ziurra bermatzen, egunerokotasunean dituen eragin negatiboak aunitz direla, garapen adinean diren gazteen gorputzean dituen arriskuak eta bertze.

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik gogorarazi dutenez, «etxeko gazteentzat opor garaia dator, aisialdirako aukerak zabaltzen diren garaia, eta ez dadila cannabisaren kontsumoa aisialdi osasungarri, aberats eta aktibo bat moteltzen duenaren arrazoia izan! Bakoitzak erabaki beharko du kontsumitu edo ez. Beti ere arduraz jokatu».

Gai honi buruzko materiala eta informazioa eskuragarri dago Gizarte Zerbitzuan hitzordua eskatuz, 948 635036 telefonoan edo webgune honetan: http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Actualidad/Campanas/Cannabis/

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun