Jon Zabala aranztarra nagusitu da Lesakako II. Zubigaineko Krosean

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 10a, 14:00

Peñen artean Kalaxka nagusitu zitzaion Iñarrak peñari 

Ekainaren 8an burutu zen Lesakan Beti Gaztek bigarren urtez antolatutako Zubigaineko Krosa. Bortz urtetik beheitikoetatik hasi eta mailaz maila, hainbat neska-mutiko atera ziren kategoria ttikienetan. Gero, nagusiak atera ziren eta horien artean, Jon Zabala aranztarra nagusitu zen, ia 6 kilometroko ibilbidean.

Proba hasieratik aitzinetik jarri ziren Jon Zabala eta Berako Adrian Gajate beteranoa; gibeletik aitzinerako bidea egin zuen Urki Txoperena lesakarrak. Azken itzulian, bidea nahasi zuten Gajatek eta Txoperenak eta lehen postuan sartu zen Jon Zabala. Junior mailako irabazlea ere bera izan zen. Bigarren sailkatua Adrian Gajate izan zen eta beterano mailan berak irabazi zuen, Xabier Porturen aitzinetik. Senior mailan, gizonezkoetan Bixen Telletxea izan zen bizkorrena eta Jabier Maia bigarren; emakumezkoetan, Amaia Leiza nagusitu zen, Ainhoa Ubiriarekin egindako sprint gogorrean; emakumezko beteranoetan, Miren Irigoien izan zen bizkorrena; kadete mailan, Mattin Lekuona izan zen lehenbizikoa eta Imanol Ugaldebere bigarren.

Peñen arteko lehian, Kalaxka nagusitu zitzaion Iñarrak peñari, baina hauek irabazi zuten kide gehien aurkeztu zuen peñari emandako saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun