Ttipi-Ttapa Fundazioa eta Igantzi eta Arantzako laguntzaileak saritu ditu Paris 365 Jantoki Solidarioak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 10a, 11:00

Paris 365 erakundeak saritutakoak larunbatean Iruleko Geltokin. Argazkia: IƱaki Porto/Diario Noticias

Elkartasun erakundearen hamargarren urteurrenean bere eguneroko lana babesten eta laguntzen dutenak saritu nahi izan ditu

Hamar urte bete ditu Gizakia Herritar/Paris 365 Fundazioak. Hamar urte hauetan elkartasun-erakundea babestu eta lagundu duten boluntarioak, enpresak eta bazkideak saritu nahi izan ditu. Tartean, eskualdeko ordezkaritza ere izan zen larunbatean Iruñean: 2010etik honat erakundearen komunikazio-lanak egiten dituen Ttipi-Ttapa Fundazioa eta Igantzi eta Arantzako laguntzaileak, janaria eta arropa biltzen lanean aritzen den boluntario-taldea.

Beraiekin batera, Elena Garcia Cortés, Paris 365ko sortzaileetako bat eta boluntarioa; Dori Iriarte Senosiain, elkartasun jangelako arduraduna 2010 eta 2019ko maiatz artean; Jimenez-Urbiola de Villatuerta familia, jangelako boluntarioak, Andrés Feligreras Viedma, bigarren eskuko denden boluntarioa eta 2014. urtetik jangela eta biltegi solidarioan laguntzen duen Paz de Ziganda ikastola izan ziren saridunak.

Pello Apezetxea, Ttipi-Ttapa Fundazioko presidenteak kontent hartu zuen saria, baina azpimarratu zuenez, «jakin behar dugu ez gaudela bakarrik, gehiago ere badirela guk baino behar handiagoak dituztenak, eta ahal den neurrian lagundu egin behar zaie. Elkartasuna behar-beharrezkoa da».

Arantzako Juan Mari Gonzalezek 2010etik honat laguntza eskaintzen du, «arropa, oinetakoak eta denetarik biltzen eta Iruñera eramaten. Jendea animatuko nuke laguntzera», adierazi zuen.

Igantziko Maria Josefa Etxeberria, Maria Jesus Telletxea eta Mari Sol Etxeberria ere harrituta gelditu ziren sariarekin eta omenaldiarekin. «Gure lana –zioten– erabilitako arropa biltzea, garbitzea, beharrezkoa bada moldatzea, sailkatzea… eta Iruñera bideratzea da. Tarteka Iruñera ere hurbiltzen gara eta hemen duten mugimendua ikusteak berak animatzen gaitu lan honetan segitzera. Aunitz urtez segitu nahi genuke lan honetan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun