Lesakako II. Zubigaineko kros herrikoia eginen dute ekainaren 8an

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 6a, 20:00
Erreken inguruan eta zubiz zubi osatuko dute ibilbidea aurten ere. Argazkia: Rafael Eneterreaga

Bakarkako lasterketaz gain, peñen arteko lehia ere izanen da larunbat arratsaldean

Lesakako II. Zubigaineko kross herrikoia antolatu du Beti Gaztek, Lesakako Udalaren laguntzaz ekainaren 8an. Maila ttikietako lasterketak larunbatean 17:00etan hasiko dira eta gainerako mailak, 18:00etan. Bakarkako lehiaz gain, peñen artekoa ere eginen dute. Izen-ematea irteeran eginen dute, 16:00etatik aitzinera. Ttikietatik infantiletara 2 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 5 euro).

Plazatik abiatu eta Zarandian izanen du helmuga lasterketak eta izenak dioen bezala, herriko 13 zubi igaroko ditu tartean.

Adinaren arabera, ibilbidearen luzera ere ezberdina izanen dute: ttikiek (2014 urtean edo ondotik jaiotakoek) 150 metro eginen dituzte; aurrebenjaminek (2011-2013), 300 metro; benjaminek (2009-2010), 400 metro; alebinek (2007-2008), 800 metro; infantilek (2005-2006), 1.200 metro; kadeteek (2003-2004) 3.400 metro eta junior, senior eta beteranoek 5.000 metro.

 

Peñen arteko lehia

Bakarkako lasterketaz gain, peñen arteko lehia ere antolatu du Beti Gaztek. Peña bakoitzak guttienez hiru lagun aurkeztu beharko ditu eta kuadrilletako kamixetak edo blusak eraman beharko dituzte. Sailkapena postuaren arabera eginen da, ez denboraren arabera eta peña bakoitzeko hiru kidek puntuatuko dute, horietako bat guttienez emakumea izan beharko du. Lehen hiru peñentzat izanen dira sariak. Sari berezi bat ere izanen da kide gehien atera eta ailegatzen diren peñarentzat. Umoreak ere puntuatuko omen du, moralki bada ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun