Lyme gaixotasunaren alde Pirinioetan

Alyme elkarteari laguntzeko GR-11 ibilbideko 17 etapa eginen ditu Ibai Iturria beratarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 6a, 11:00

Ortzirale honetan abiatuta, ekainaren 23ra bitarte GR-11 ibilbidearen baitan, Hondarribitik Andorrarako bidea egin nahi ditu beratarrak. Etapetan egiten dituen kilometroak diruz laguntzen ahalko dira eta bildutako diru guztia Lyme gaixotasuna duten gaixoen eta haien senideak biltzen dituen Alyme elkartearentzat izanen da.

Azken urteotan mendian eskarmentua hartu duen Ibai Iturria Garmendia mendizale beratarraren lehenbiziko egitasmo soziala izanen da. Ortzirale honetan, ekainak 7, Hondarribitik abiatuta, hilaren 23ra bitarte Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11 ibilbideko 17 etapa egin nahi ditu. 17 egun iraunen duen desafioa izanen da eta bidean ahalik eta kilometro gehien eginez Andorrara ailegatu nahi du. Guttienez, 570 kilometro egitea da bere asmoa.

Proiektuaren helburua, ordea, Lyme gaixotasuna duten gaixoen eta haien senideak biltzen dituen Alyme elkarteari laguntzea izanen da. Hala, etapetan egiten dituen kilometro guztiak diruz ordaintzen ahalko dira. Norberak kilometroko nahi duen adinako ekarpena egiten ahalko du eta bildutako diru guztia elkartearentzako izanen da bere osotasunean.

Ekimenaren bitartez, Lyme gaixotasuna dutenei eta beraien familiei babesa eman nahi die Iturriak, eta aldi berean, eritasuna ezagutarazi eta ikerkuntzan laguntzeko dirua bildu nahi du. Adierazi duenez, egitasmoaren helburu nagusia prebentzioa izanen da, «Lyme gaixotasuna zergatik sortzen den eta mendian ibiltzean nola babestu helaraztea». Hori lortzeko elkartearen kontu zenbakia jakinarazi dute: ES09 0138 0010 40 0020719877.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun