Joan den urteko irailean aurkeztu zuten mugimendu musikal eta soziala sustatu zuten emakumeen borroka ardatz duen Dama Beltzak proiektua. Orduz geroztik Estitxu Pinatxo Berako abeslariaren eta Mikel Santxez gitarra-jotzaile lesakarraren lana batean eta bertzean erakutsi dute.
Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei merezitako errekonozimendu xumea da Dama Beltzak. Mugimendu musikal eta sozialaren erreginak izan ziren, bertzeak bertze, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Ahazturan gera ez daitezen, bortz emakume ausart horien bizitzak kontatu eta haien abestiak kantatzen dituzte. Estitxu Pinatxoren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek janzten dituzte euren dama beltzen abestiak.