Nafarroako Etxeen Federazioak, Lesakako Udalaren laguntzaz, egitarau zabala prestatua zuten larunbaterako, Nafarroako musikari indar berezia emanez. Egun osoan bisita gidatuak ere eskaini zituzten, Lesakako interes gune ugariak ezagutzeko. Jardunaldi honetara Kantabria, Burgos, Bilbo, Barakaldo, Arrasate, Gasteiz, Logroño, Zaragoza, Valladolid, Madril, Bartzelona eta Valentziako Nafar Etxeetako ordezkariak etorri ziren.
Larunbat goizean harrera egin zieten Harriondoa Kultur Etxean. Ekitaldian Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak eta Pello Pellejero, komunikaziorako eta harreman instituzionaletarako zuzendari nagusiak ere parte hartu zuten. Lesakako bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten Kultur Etxea bete zuten bisitariei. Eguerdian kalejiran joan ziren erraldoi eta buruhandien konpartsarekin elizara, eguerdiko meza abestua aditzera. Ordu berean, bisita gidatua ere egin zuten eta herri-kirol erakustaldia izan zuten plazan. Bazkaria izan zuten frontoian eta bazkalondoan, Joxe Mendizabal musikariarekin dantzatu zuten.
1989an ospatzen ari zenetik Nafarroa osoan ospatu dute Nafarroako Etxeen jardunaldia. Gure inguruan guttitan egin dute, baina Elizondon ere ospatu zuten duela urte batzuk.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!