Kortariko gasnak eta zakurrak irabazi dituzte Etxalarko lehiaketak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 3a, 12:00

Etxalarko Altxata elkarteak antolatutako XXVII. Gasna eta artisau feriaren inguruan antolatutako asteburua primerako eguraldiarekin ospatu dute aurten. Larunbateko III. Artzain Zakur lehiaketan eta igandeko gasna lehiaketan Orabideko Kortari suertatu da garaile. 22 eskulangileren lanak ere ikusgai izan zituzten igandean. 

Ekainaren 1ean III. artzai zakur lehiaketa egin zuten errota pareko zelaian. Bortz zakurrek hartu zuten parte eta honela geratu zen sailkapena:

1. Julen Arburua Kortari, Ipar zakurrarekin (Lekaroz)

2. Beñat Bordaxuri Kea zakurrarekin (Etxalar)

3. Jorge Oteiza Arakil zaurrarekin (Mugaire)

4. Mikel Arregi Argi zakurrarekin (Oñati)

5. Joxe Mari Bengoa Zeu zakurrarekin (Oñati)

Txapeldunak txapela eta bazkaria irabazi zituen. Baita gainerako guziek bezala, makila, herriko produktuen lotea eta pentsu zakua ere. 

Hiru lan egin behar izan zituzten. banderinaren odnora zakurra eraman, artzaiaren ondora artaldea ekarri eta hesi tartera artaldea sartu. Hirugarren lan hau inork lortu ez bazuen ere, lan guziak hobekien egin zituena Ipar zakurra izan zen. Erran behar da, hagitz eguraldi beroa egin zuela eta bai Lekueder eta Axularko ardiek ere nahiago zutela itzaletan egon. Epaile lanetan Joxejuan Olako, Esteban Landaburu eta Ion Lekueder aritu ziren. 

Ondotik plazan herriko dantzarien saioa izan zen eta eguna bukatzeko Hara taldearen kontzertua Herriko Ostatuan. 

 

13 gasna lehiaketara eta 22 eskulangile plazan igandean

Igandean goizetik artisauen postuak egon ziren ikusgai. 22 artisau postu izan ziren frontoian eguerdi arte. Gasna lehiaketara 13 gasna aurkeztu ziren (6 gasna Etxalarkoak, Lesaka, Bera, Arantza eta Orabideatik). Honela geratu zen sailkapena:

1. Julen Arburua (Kortari, Orabidea). 120 euro, oroigarria eta bi lagunentzako asteburuko otordua Herriko Ostatuan.

2. Sokorro Almandoz (Garmendiko borda, Bera). 9 0euro, oroigarria eta txokolatezko ardia

2. Eider Pikabea (Pimitxenea, Bera). 75 euro eta lore sorta 

Aurkeztu ziren Etxalarko gasnen artean hauek izanen ziren lehenengo bi postuetan geratu zirenak:

1. Jorge Arizaleta (Ursua). 50 euro, oroigarria eta txokolatezko ardia

2. Joseba Danboriena (Landaburuko borda). 30 euro eta lore sorta. 

Epaile lanetan Etxalarko Patxiku Irisarri, Lesakako Manolo Arozena, Arantzako Gregorio Mitxelena eta Berako Bautista Telletxea eta Ana Lazkanotegi aritu ziren. 

Gasna lehiaketara aurkeztu ziren gasnen erdiak zozketatu ziren. Oraindik hiru saridun ez dira agertu. 4399, 4351 eta 4967 agertu gabeko zenbaki saridunak. Zenbaki hauetakoren bat baduzu, jarri Altxatakoekin harremanetan (sare sozialen bidez, altxata@gmail.com edo 688730438).

Jende aunitz ibili zen herrian egun guzian zehar. Eguerdiko trikitilarien saioa ere arrakastatsua izan zen eta baita Bankako kantarien girotutako kantu bazkaria ere. 150 lagun inguruk bazkaldu zuten frontoian eta ilunabar arte kantuan aritu ziren. Egun guzian zehar, eskulan ikastaroko lanak ikusgai egon ziren eta goizean baserriko lan tresna zaharren erakusketa Iriondoan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun