«Tortura kasuetan bertzeen kontaketa aditzen jakin behar da»

G.PIKABEA 2019ko mai. 29a, 18:00

Izaskun Rekarte Bengoetxea Gizarte Antropologia Gradua egiten ari da Donostian.

Izaskun Rekarte Bengoetxea  EHU-ko kriminologia institutuko ikerlari beratarra
1960tik 1978ra Nafarroan gertatu ziren tortura eta tratu txarrak ikertzen ari da beratarra eta tartean eskualdeko testigantzak ere bildu dituzte. Proiektua ekain hondarrean aurkeztuko dute.

Proiektu handia du esku artean Izaskun Rekarte Bengoetxeak (Bera, 1997). EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuko ikerlaria da eta Nafarroako Gobernuak hala eskatuta, 1960tik 1978ra bitarte Nafarroan gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzen dihardu. Ez dabil bakarrik; izen handiko profesionalekin ari da lanean, Pako Etxeberria mediku forentsearekin eta Laura Pego zuzenbidean doktorearekin, bertzeak bertze. Rekarteri tratu txarrak eta torturak jasan zituztenen testigantzak biltzea egokitu zaio, informazioa bildu, aztertu eta sailkatzea, eta aitortu digunez, «lan gogorra baina emankorra» izaten ari da. Are gehiago, etorkizunera begira, ikerketan segitu nahi du, «batez ere memoria historikoa eta hurbileko memoria lantzen». Eskuetan duten proiektua ekain hondarrean aurkeztuko dute.

Zertan datza proiektua?
Ikerketa Nafarroako tortura eta tratu txarren proiektua: 1960-1978 da eta atxiloketa erregimenean atxilotuek jasandako tratu txar eta torturak modu kualitatibo nahiz kuantitatiboan ezagutzea du xede. Honetarako, gertaera horiek jasan dituztenen lekukotzak jasotzen ditugu, eta beraiek ezin duten kasuetan, hurbileneko pertsonaren testigantza. Profilei dagokionez, edonon tratu txarrak nahiz torturak jasan dituen Nafarroako edozein biztanle edo Nafarroan tratu txarrak edo torturak jasan dituen bertze edozein jatorritakoa izan daiteke.

Nola ailegatu zara proiektu honetara?
2015ean EHUn Gizarte Antropologia Gradua egiten hasi nintzen eta 2017an, Violencia masiva, fosas comunes y derechos humanos. Perspectivas desde las ciencias forenses y sociales udako ikastaroan parte hartu nuen. Han Paco Etxeberria eta Laura Pego irakasleak ezagutu nituen eta beraiek esku artean zuten proiektuan parte hartzea eskaini zidaten. Etxeberriarekin Nafarroako tratu txar eta tortura kasuak ikertzen hasi nintzen. Nire egiteko nagusia atxiloketa erregimenean tratu txar eta torturak jasan dituzten pertsonen testigantzak jasotzea izan da. Testigantzak jaso ondotik, horien transkribapena ere egin dut, hau da, hitzez hitz beraiek errandakoa idatzi dut, baita begi hutsez ikus daitezkeen gorputz espresioak adierazi ere. Horrek ondotik egiten den analisia errazten du. Azkenik, informazio hori guztia aztertu eta sailkatzen ibiltzen naiz, baita bertako informazioa datu-basean sartzen ere.

Nolatan hasi zineten ikerketa honekin?
Ikerketa hau baino lehen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bertze ikerketa bat egin zuten: Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014. Ikerketa horren harrera ona ikusirik, eta Nafarroan hainbat kasu zeudela jakinik, Nafarroan ere gauza bera egitea egokia izanen zela pentsatu zuten. Nafarroako Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuak proiektua martxan jartzea erabaki zuen.

«Profesional bezala burua hotz izaten ikasi behar da»

Horrelako ikerketa batean parte hartzen duzun lehen aldia duzu?
Gai honen inguruko nire lehen ikerketa da. Aitzinetik euskararekin loturiko bertze ikerketa kolektibo bat egin nuen, Ekolingua, Donostiako Udalak eta EHUk antolatua. 14-20 urte bitarteko Donostiako nerabeei euskararen inguruan hausnartzeko gune bat eskaini zitzaien eta guk bertan adierazi ziren hausnarketa nahiz iritziak jaso genituen, gero analisia egiteko.  Ondotik, memoria historikora gehiago hurbilduz, XX. mendeko emakume kirolari profesionalak: Raketisten fenomenoa eta desagerpena ikerketa egin nuen unibertsitateko hiru lankiderekin. Emakume ausart horien bizipen eta profesionalizazio-prozesua aztertu genuen, baita gaur egun raketisten fenomenoa nola doan ere.

Nafarroan orain arte ez da tortura edo tratu txarren inguruan halako ikerketarik egin, ezta?
Saiakera batzuk izan dira. Adibidez, zenbait herritan herri-ekimenez eginiko hemeroteka batzuk egin dira edo hainbat elkarte edo talde izenen zerrendak egiten ahalegindu dira; hala nola: Euskal Memoria, Torturaren Aurkako Taldea, Haika... Baina Nafarroako Gobernuak proiektu hau egiteko eskatu duen lehenbiziko aldia da. Era honetan ikerketa honi ofizialtasuna eta legitimitatea eman zaio. Kasu horiek guztiak ikertzea beharrezkoa da, dudarik gabe. Kasu horien inguruan dagoen isiltasunarekin apurtzea beharrezkoa da, baita gertatutakoa argitzea ere.

Nolako metodologia erabiltzen duzue?
Bi metodologia erabiltzen ditugu: alde batetik, metodologia kuantitatiboa eta bertzetik, metodologia kualitatiboa. Metodologia kuantitatiboari dagokionez, herriz herri izenekin zerrenda bat osatzen ari gara, norbanako bakoitza identifikatzeko zenbait datu jasoz: izen-abizenak, jaiotze-data eta bizilekua. Ondotik, atxiloketa eta tratu txarrak edota torturak jasan zituzteneko datuak jasotzen ditugu: noiz atxilotu zuten, nora eraman zuten, estatuko zein indar armatuk gauzatu zituen tortura praktikak... Bigarrenik, metodologia kualitatiboaerabiltzen dugu, non pertsona bakoitzak bere bizipena kontatzen digun. Lekukotza horiek bideo-kameraz grabatzen ditugu. Era honetan transkribapenak egin daitezke eta ondotik egin nahi den analisia egitea ahalbideratzen du. Jasotako informazio guztia osatzeko asmoz, atxiloketa garaiko dokumentuak ere jasotzen ditugu: prentsa artikuluak, atxiloketako paper ofizialak, medikuaren agiriak... Azkenik, datuak datu-base batean sartzen ditugu.

 «Ikerketan badira eskualdeko kasu batzuk»

Nolako egoera topatu duzue Nafarroan?
Nafarroako egoera zaila da. Tortura eta tratu txar kasuak badira, baina anitzetan horien inguruko informazio urria dugu eta zaila da pertsona horiekin harremanetan jartzea. Gainera, kontuan izan behar da Nafarroa, bertze herrialdeekin alderatuta, hedadura handiko eremua dela eta biztanleak nahiko sakabanatuak daudela.

Zenbat tortura eta tratu txar kasu jaso dituzue?
Proiektua oraindik abian denez, ezin da kopuru zehatzez hitz egin, baina 200 bat kasu daudela estimatzen da. Tartean badira eskualdeko kasuak.

Nahiz eta orain egiten ari zareten ikerketatik kanpo egon, Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarren kasua ezagun egin zen. Horren inguruan zer erranen zenuke?
Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak aitzinetik EAEn egin zuten proiektuaren barrean aztertu zituzten, beraien atxilotze lekua Gipuzkoan kokatu zelako. Ondorioei dagokionez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Portuk eta Sarasolak tratu txarrak eta torturak jasan zituztela baieztatu du. Horren inguruan, deus gutti gehitu daiteke.

«Torturak jasan dituztenen testigantzak bildu ditut»

Lan gogorra izaten ari da?
Lan gogorra baina emankorra da. Hasiera-hasieratik nekien zein zen proiektu honetan jorratuko nuen gaia eta aitzinera egitea erabaki nuen, zalantzarik gabe. Profesional bezala burua hotz izaten ikasi behar da. Tortura kasuetan, bertzeen kontaketa aditzen jakin behar da, ikertzaileak berak bereemozioak gordeaz eta enpatia erakutsiz. Ikertzaileak ezin ditu bere emozioak kontrolik gabe adierazi, honek elkarrizketatuaren haria eten lezakeelako. Kasu horietan, enpatia azaldu behar da, baina nolabaiteko distantzia mantenduz. Kasu anitzetan, aditu dut, isiltasunak direla elkarrizketa baten unerik deserosoenak; nire kasuan, aldiz, zailagoa suertatu zaizkit emozio uneak kudeatzea. Emozio une horietan, beraiekin bat egin eta negar egiteko gogoa sortu izan zaidan arren, argi nuen beraiekin bat eginez gero, saioa bertan behera utzi beharko genuela eta beraien sufrimendua bikoiztu eginen litzatekeela; bertze saio oso bat eskaini beharko genukelako beraien bizipena birgogoratzen.

Etorkizunera begira zein asmo dituzu?
Aurten Gizarte Antropologia Graduko laugarren mailarekin amaitu eta hurrengo urtean EHUk eskaintzen duen Gizarte Antropologiako masterra egitea erabaki dut. Gerora, ikertzaile izaten jarraitu nahiko nuke, batez ere memoria historikoa eta hurbileko memoria lantzen. Era honetan, gure gizarteari ekarpen ttiki bat egin nahiko nioke, iragana argituz eta egindako kalteei aitorpena emanez gizarte justuago bat osatzeko asmoz.

Zerbait gaineratuko zenuke?
Hasteko eskerrak eman nahi nizkieke proiektu honetan parte hartu duten guztiei. Beraiengandik ikasi dut une okerrenetan ere indarrak atera daitezkeela eta bizipen gogorrak xamurtasunez konta daitezkeela. Bigarrenik, tortura nahiz tratu txarren inguruko informazioa duen orori gurekin harremanetan jartzea eskertuko genioke, edozeinen informazioa erabilgarria eta ezinbertzekoa baita. Telefonoa 943 01 83 81 da eta e-posta: torturaproiektua.ivac-krei@ehu.eus.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun