Nafarroako Etxeen Jardunaldia Lesakan eginen dute ekainaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 29a, 07:30

Ana Notivoli, Ana Ollo eta Belen Mutuberria, Nafarroako Etxeen Jardunaldiaren aurkezpenean.

Nafarroatik kanpo bizi diren nafarren topaketak 31. edizioa beteko du 

Nafarroatik kanpo bizi diren nafarrak biltzen dituen Nafarroako Etxeen Jardunaldia Lesakan eginen dute aurten, ekainaren 1ean. Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, Ana Notivoli Nafarroako Etxeen Federazioko lehendakariarekin batera Nafarroako Etxeen Jardunaldiko egitaraua aurkeztu zuten joan den ortziralean, Belen Mutuberria Lesakako kultur teknikariarekin batera.

Nafarroako Etxeen Federazioak, Lesakako Udalaren laguntzaz, egitarau zabala prestatu du larunbaterako, Nafarroako musikari indar berezia emanez. Egun osoan bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, Lesakako interes gune ugariak ezagutzeko. Jardunaldi honetara Kantabria, Burgos, Bilbo, Barakaldo, Arrasate, Gasteiz, Logroño, Zaragoza, Valladolid, Madril, Bartzelona eta Valentziako Nafar Etxeetako ordezkariak etortzea espero dute.

 

Egitaraua

Larunbatean 11:45ean harrera eginen diete plazan eta eguerdian kalejiran joanen dira erraldoi eta buruhandien konpartsarekin elizara, eguerdiko meza abestua aditzera. Ordu berean, bisita gidatua eginen dute. Udaletxeko pleno-aretoan harrera egin ondotik, herri kirol erakustaldia ere izanen dute. 14:30ean herri-bazkaria izanen dute frontoian eta 16:30etik aitzinera Joxe Mendizabal musikariarekin dantzatzeko aukera izanen dute. 19:00 aldera bukatuko da jardunaldia.

1989an ospatzen ari zenetik Nafarroa osoan ospatu dute Nafarroako Etxeen jardunaldia. Gure inguruan guttitan egin dute, baina Elizondon ere ospatu zuten duela urte batzuk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun