Beti Gazteren Astea ekitaldiz gainezka dator

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 29a, 07:29
Igandean margo lehiaketa azkarraren zazpigarren edizioa eginen dute.

Ortzegunetik igandera hainbat ospakizun prestatu dituzte, margo lehiaketa azkarrarekin borobilduko direnak 

Ekitaldiz betea ospatzen ari da Beti Gazteren Astea. Joan den asteburuko solasaldia eta argazki rallyaren ondotik, asteburu honetan eginen dira ekitaldi gehienak: solasaldia, sari banaketak, dantzak, mendi irteerak, futbola, herri-kirolak, bazkaria, eta dena borobiltzeko, igandeko margo lehiaketa azkarra.

Maiatzaren 30ean, ortzegunean 18:30ean, ‘Nutrizioa kirolan’ solasaldia antolatu dute udalaren erabilera anitzeko aretoan.

Maiatzaren 31n, ortziralean 17:30ean Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatuko dituzte egoitzan eta 19:00etan Beti Gazteko Lerro Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du Plaza Zaharrean.

Ekainaren 1ean, larunbatean 08:00etan mendi irteera abiatuko da plazatik eta hamaiketakoa izanen dute. 09:30ean Beti Gazte Lasterka taldearen irteera, ekainaren 15ean antolatu duten lehen mendi lasterketaren ibilbidea ezagutzeko. 11:00etan Beti Gazteko emakumeek ligako azken partida jokatuko dute Mastegin. 12:00etan herri-kirol desafio izanen dute Plaza Zaharrean eta poteo musikatua Elutxa txarangarekin. 14:00etan bazkaria izanen dute Koxkontan. Bazkarirako txartelak 30 eurotan (12 euro fitxa duten kirolariek) salgai daude Koxkilla, Zialdo, Arrano eta Etxeberria ostatuetan eta maiatzaren 30a izanen da erosteko azken eguna. 19:00etan Muxikoak eta dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Jeiki Hadi taldearekin.

Ekainaren 2an, igandean, azkenik, Elias Garralda zenaren omenez VII. Margo lehiaketa azkarra eginen dute goizean eta sari banaketa 18:00etan. Lehenbiziko saria 600 eurokoa izanen da, bigarrena 350 eurokoa eta 150 euro lesakar onenarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun