Argazki Rallya antolatu du Beti Gaztek laugarren aldiz Lesakan igande honetan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 23a, 08:00
Joan den urteko sarituak.

Bilduma onenak 150 euroko saria izanen du

Horrez gain, gai bakoitzeko irabazleak 75 euro eta diploma izanen du. Bortzirietako argazki onenari ere 100 euroko saria emanen diote.

Lesakako Beti Gazteko argazkilari taldeak laugarren aldiz argazki rallya antolatu du. Igande honetan, maiatzak 26, eginen da eta rallya­ren hasieran jakitera emanen diren gaien inguruko argazkiak aurkeztu beharko dira.

Argazki digitalak Lesakako udal-barrutian egin beharko dira, JPG kalitate goreneko formatoan eta rallyaren hasieran txartela hutsik izan beharko dute argazkilariek. Maiatzaren 26an, 09:00etatik 10:00etara egin beharko da izen-ematea Beti Gazten. 10 euro ordaindu beharko da izena ematerakoan, baina 16 urte baino guttiago dutenek doan parte hartzen ahalko dute. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, 36 argazki entregatu ahal izanen ditu. Rally­aren akaberan, 13:00etatik 14:00 arte argazkiak deskargatuko dira Beti Gazte elkartean.

Lehiakide bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat aukeratuko du eta ekainaren 10a baino lehenago fotobetigazte@gmail.com helbidera bidali beharko ditu. Epaimahaia profesionalez eta antolakuntzako kide batez osatuta egonen da eta epaia www.betigazte.net web­gunean argitaratuko da, argazki onenak bezalaxe. Sarie dagokienez, bilduma onenari 150 euro eta diplomako sari berezia emanen diote eta gai bakoitzeko irabazleak 75 euro eta diploma izanen du. Bortzirietako argazki onenari ere 100 euroko saria emanen diote.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun