Konpartsaren eguna ospatuko dute lehen aldiz maiatzaren 25ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 22a, 07:30
Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsak bere eguna antolatu du lehen aldiz.

Hainbat ekitaldi antolatu ditu egun osorako gero eta sendotuago dagoen erraldoi eta buruhandien taldeak

 

Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsaren eguna ospatuko dute lehen aldiz maiatzaren 25ean. 

Larunbat horretan, 10:00etan haurrentzako tailerrak izanen dituzte. 10:45ean hamaiketakoa; 11:30ean karrikaz karrika ibiliko dira eta 14:30ean bazkaria izanen dute antolatzaile eta laguntzaileentzat. 18:00etan zozketa eginen dute eta ondotik, txokolate beroa eskainiko dute. 18:15ean bonba japoniarrak botako dituzte; 18:30an Elutxa txarangarekin Harriondoa Kultur Etxera joanen dira, erraldoiak agurtzera eta ondotik, Elutxa txaranga ibiliko da herrian.

 

Talde sendotua

Hainbat urtez jende guttirekin eta erreleboa ezin hartuz ibili ondotik, talde jendetsua osatu du konpartsak, bai erraldoiak dantzatzeko, bai buruhandiekin ibiltzeko, baita gaita eta atabalarekin musika jotzeko ere. Joan den urtean, sanferminetako txupinazoan omendu zuten konpartsa. Baztan-Bidasoaldeko Erraldoien Topaketa ere pare bat urtez antolatu dute herrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun