Iraitz Etxebarria izan da azkarrena Igantziko BTT jautsierako ibilbide lohituan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 20a, 19:00
Igantziko IX. Mendi bizikleta jautsierako podiuma. Argazkia: Oskar Txoperena

Zumai Txoperena igantziarra Nafarroako txapeldun suertatu da 23 urtez beheitiko mailan eta Euskadiko Openeko sailkapen buruan da

Bigarren urtez jarraian eguraldi kaxkarrarrekin jokatu zen Xabi Telletxearen omenezko jaitsiera Igantzin larunbatean; berez hagitz korapilatsua izaten den antolaketari bertze oztopo bat gehitu behar, ondorioz. Betiko moduan, bikaintasunez egin zuen bere lana Biltoki Elkarteak eta ez zion ustekabekoei zirrikiturik utzi bederatzigarren edizioan ere. 

62 txirrindularik hartu zuten dortsala kategori ezberdinetan lehiatzeko. Iraitz Etxebarria bizkaitarra, azkeneko urteetako dominatzailea, izan zen irabazlea berriz ere. Bera izan zen hiru minutuko langatik jaistea lortu zuen bakarra. Ondotik Xabi Urdanpilleta gipuzkoarra sailkatu zen, 8 segundu beranduago, eta José Luis Díez kantabriarrak osatu zuen podiuma, irabazletik 10 segundura ailegatuta. Aipamen berezia merezi du Zumai Txoperena igantziarrak: hamabigarren denborarik hoberena egin zuen proban, bigarrena izan zen 23 urtez azpikoetan eta, Nafarroako txapelketa irabazteaz gain, lehenbiziko postuan dago orain Euskadiko Openeko sailkapenean. Bada zerbait.      

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun