Pisu arinetako txapelak ere lortu dituzte Beti Gazteko lauko sokatira taldeek

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 20a, 15:00
Txapeldun eta txapeldun orde suertatu diren Beti Gazteko tiralariak, larunbatean Antsoainen. Argazkia: Xagu-Lesaka

Gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko kiloko txapeldun suertatu dira Antsoainen

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako saioa jokatu dute maiatzaren 18an Antsoainen. Gizonezkoen 300 kiloko, emakumezkoen 235 kiloko eta kadeteen 280 kiloko kategorietako bigarren jardunaldia jokatu zuten. Pisu astunetan bezala, Lesakako Beti Gazteko taldeak nagusi izan dira, gizaseme nahiz emakumezkoetan. Emakumeek, txapelaz gain, bigarren postua ere eskuratu dute.

Gizasemeetan, lehen jardunaldian bezala, tiraldi guztiak irabazi zituen larunbatean Beti Gazte taldeak Antsoainen (7 puntu). Ondotik sailkatu ziren Berriozar B (6 puntu), Txantrea (4,5 puntu), Berriozar A (4,5 puntu), Kaskallueta (3 puntu), Antsoain (2 puntu) eta Araxes (puntu 1). Bi jardunaldietako batura egin ondotik, Beti Gazte eta Txantrea sailkatu ziren finalerako eta hemen lesakarrak nagusitu ziren. Karmelo Mitxelena, Unai Gurrutxaga, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren talde txapeldunean, Julen Palenzuela erakusle zutela.

Emakumezkoetan bi talde jarri ditu goma gainean Beti Gaztek 235 kikoko kategorian eta, Doneztebeko lehen jardunaldian bezala, bi onenak izan ziren Antsoainen ere. Beti Gazte Ak tiraldi guztiak irabazi zituen (6 puntu) eta Beti Gazte Bk denak Akoaren kontrakoak izan ezik (5 puntu). Berriozar hirugarren izan zen (4 puntu), Txantrea laugarren (3 puntu), Antsoain A bosgarren (2 puntu) eta Antsoain B seigarren (puntu 1). Finalean, ordea, Beti Gazte B nagusitu zitzaion Beti Gazte Ari.

Talde txapeldunean Irantzu Goienetxe, Karmele Pikabea, Udane Loidi eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle zutela. Txapeldun orde izan zen taldean, berriz, Kristine Txoperena, Maddalen Lopez, Arritxu Muxika eta Maria Iantzi aritu ziren, Ane Gurrutxaga erakusle zutela.

 

Txapelketa mistoa larunbatean Berriozarren

Nafarroako 4x4 txapelketa bukatzeko maiatzaren 25ean Berriozarren jokatuko dute txapelketa mistoa jardunaldi bakarrean. Beti Gazteko bi talde eta Txantrea, Berriozar eta Antsoaingo taldeak lehiatuko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun