Jasone Telletxearen kartelak iragarriko ditu aurten Lesakako Sanferminak

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 16a, 07:30

'Uztailak 7 (I)', Jasone Telletxearen lanak irabazi du Lesakako Sanferminetako kartel lehiaketa.

Programaren portadako irudia Maider Etxandik egindakoa da eta programaren gibeleko azala Uxue Ubiriarena

Lesakako Sanferminak iragarriko dituen kartela eta besten programako azala eta kontrazalean joanen diren irudiak aukeratu dituzte. Karteletan, Jasone Telletxea Maritxalarren lan bat saritu dute, Uztailak 7 (I) goiburua daramana. Zazpi lan aurkeztu dira lehiaketara. Programaren azalerako lehiaketara ere zazpi lan aurkeztu dituzte eta hemen Maider Etxandi Almandozen lan bat aukeratu dute, Punttun izenekoa.

Bakoitzarengatik, 250na euroko bonoa eskuratuko dute saritzat, herriko komertzio, zerbitzu edo ostatuetan erabiltzeko.

Herrian Lehen Hezkuntza ikasten duten ikasleei zuzendutako programaren kontrazal lehiaketara 145 lan aurkeztu dituzte eta horien artean, Uxue Ubiria Garciaren Lesakako erraldoiak aukeratu dute irabazle. Honek, 100 euroko bonoa izanen du saritzat, herriko dendetan eskolako materiala erosten erabiltzeko, bere lana programaren gibeleko azalean argitaratua ikusteaz gain.

Aste Santu inguruan Turismo Bulegoan egindako erakusketan herritarrek emandako bozkekin aukeratu dira aurten ere Sanferminetako irudi irabazleak. Erabaki honekin, eta bi hilabete eskas falta direla, besta usaina somatzen hasia da herrian. Besta Batzordeak ere lehen bilerak egin ditu eta hasia da uztailaren 6tik 10era egitarauaren xehetasunak lotzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun