Sexu-harremanen inguruko jarreraz hausnartzeko eta segurtasun praktikez mintzatzeko aukera Beran ekainean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 15a, 18:00
Gozamenez lehiaketarako 'Pentsatzen hasiko bagina' lana aurkeztu zuten beratarrek.

Bortzirietako Gizarte Zerbitzua prebentziorako zenbait esku-hartze lerro jorratzen ari da: sustantzien kontsumoan gurasoentzat tailerrak eskainiz, gazteentzat saioak emanez… teknologiari buruzko saioak antolatuz (ludopatia, sustantziarik gabeko adikzioak…) eta heziketa afektibo-sexualaren alorrean gazteentzat eskaintza eginez (herrietako bestetako argazki lehiaketa, Gozamenez film labur lehiaketa…).

Azken lehiaketa horren harira, maiatzaren 9an Iruñeko Civivox Iturrama aretoan 2019ko Gozamenez film labur lehiaketaren sari-banaketa izan zen, bertan izan ziren Pentsatzen hasiko bagina lana aurkeztu duten zortzi neska beratarrek. Saririk jaso ez bazuten ere, esperientzia interesgarria izan da hezitzailearen ikuspegitik: sexualitatearen gaia aitzakiatzat hartuz hainbat asteetan lagun artean beraien aisialdian zenbait hausnarketa, ideia, grabazio… elkarbanatu baitira. Lana ikusgarri dago http://www.gozamenez.com/eu/laburmetrai-lehiaketa/sexmdn-pentsatzen-hasiko-bagina atarian.

Ekainean harreman sexualak hizpide

Heziketa afektibo-sexualari dagokionez, aurreikusita dagoen hurrengo ekintza ekainaren 24an izango da, Beralandetan, 11:30etan, Hiesaren Aurkako Batzorde Hiritarreko sexologoaren eskutik. Tailerra 15 urtetik gorako gazteentzat izango da, GIB-aren (hiesaren) eta sexu transmisio bidezko infekzioei buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko, harreman sexualen inguruko jarreraz hausnartzeko eta segurtasun praktiketaz mintzatzeko. Izen ematea 634 22 36 59 Whatsappean egin beharko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun