Kalamuak garunean duen eraginaz mintzatuko dira maiatzaren 24an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 17a, 19:00
Gazte eta gurasoendako tailerrak izanen dira Lesakan, Etxalarren eta Beran.

 

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eskutik, eta Nafarroako Goberuaren laguntzarekin, kalamuak garunean duen eraginaz solastatzeko tailerrak eginen dira Lesakan, Beran eta Etxalarren. Lesakan maiatzaren 24an, ortziralean, dute hitzordua, 16:30ean.

Lesakan eskainiko den tailerraren helburua gazteei erabakiak hartu ahal izateko beharrezko informazioa helaraztea da. 15-20 urte bitarteko gazteei bideraturiko saioa izanen da, erretzaile izan edo ez, interesgarri gertatuko dena. Horren tankerakoa izanen da ekainaren 7an Beran, Beralandetan, 17:00etan eskainiko dena.

Bertzeak bertze, modu dinamikoan eta bideoa ikusiz, bertaratzen direnek kalamuaren kontsumoaren inguruko informazioa jasoko dute. Horrekin batera, erabakiak norberak hartu behar dituela adieraziko da eta horrekin batera, aukerak, iritziak eta erabakiak errespetatu eta parte hartzea ahalbidetuko da. Ekainaren 20an Hegoak elkarteko teknikariarekin jarraipena emanen diete. Saioa Bortzirietako hezitzaileak gidatuko du.

Ekainaren 3an gurasoentzat

Bortzirietako nerabeen gurasoei bideratutako saioa izanen da ekainaren 3an, 18:00etan, Etxalarren eskainiko dena. Saioaren helburua informazioa ematea izanen da. Horretarako dinamika bidez eta bideo bat ikusiz, arriskuak izanen dira hizpide. Ondotik, seme-alaben lehen kontsumo susmoak edo egiaztapenak eragiten duten sentimenduak elkartrukatzeko espazioa izanen dute eta azkenik familia-heziketan izandako esperientziak eta estrategiak trukatuko dituzte.

Izen-ematea edo informazio gehiago

Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 634 22 36 59 zenbakira Whatsapp bat bidali edo info@bortziriakgz.eus helbidera idatzi beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun