Maiatzaren 19an eginen dute Berako XIV. Mendi Itzulia

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 15a, 07:30
Mendizaleek bi ibilbide izanen dituzte aukeran.

32 eta 28 kilometroko ibilbideak izanen dituzte aukeran, horietako laburrena Larun eta Labiagara igo beharrik gabe 

Bi urtetik behin egiten den hitzordu haundia ate joka dugu, igande honetan, maiatzak 19, eginen baita Agerra mendi taldeak antolatutako Berako Mendi Itzulia. Aurtengoa hamalaugarren edizioa izanen da eta mendizaleek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 32 kilometro luze eta 1.850 metroko desnibela duena luzeena eta 28 kilometro eta 1.000 metroko desnibela duena laburrena.

Mendizaleak Agerratik aterako dira eta Larretagainerako bidea hartuko dute. Gero, Otsandatik pasata Labiagara eta Larunera igoko dira ibilbide luzekoak. Laburrekoak Lizuniagan barna Iesola Zaharra aldera joko dute. Bi ibilbideek bat eginen dute inguru horretan eta Usategieta, Ibardin eta Manttalen barna herrirarako bidea egin eta hasitako tokian bukatuko dute itzulia, Agerran. Ibilbide laburrekoek ere izanen dute Labiaga edo Larun igotzeko aukera.

Parte hartzaile bakoitzak irteerako kontrolean kartulina bat jasoko du Otsandan (5,5 km), Larunen (16 km), Ibardinen (25,5 km) eta Agerra elkartera heltzean (28 eta 32 km) erakutsi behar izanen dutena.

Ibilbidean zehar 5 anoa-postu izanen dira janari eta edariarekin, Otsandan (5,5 km), Lizuniagan (7 km/11 km), Larunen (16 km), Iasola Zaharran (16 km/20 km), Ibardinen (21,5 km/25,5 km) eta azkena helmugan bertan.

Izen-ematea egun berean 06:00etatik 07:50 bitarte egin daiteke edo bertzela www.mendizmendi.com web orrian. Mendi itzulia, berriz, 07:00etatik 08:00etara aterako da. Parte hartzeko federatuek 10 euro eta federatu gabeek 12 euro ordaindu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun