Labiaga ikastolak udaleku irekiak antolatu ditu uztailerako

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 14a, 10:30
Ikasi eta gozatzeko aukera izenen dute uztailean gaztetxoek.

Izen-ematea zabalik da maiatzaren 24ra arte

Bertze urte batez, Labiaga ikastolak udaleku irekiak antolatu ditu uztailerako. Maiatzaren 24ra arte, ortziralea, eman daiteke izena.

Izena ematen dutenek, ongi pasa bitartean, burua, gorputza edota zintzurrak lantzeko aukera izanen dute, robotika, abesbatza tailerra, munduari buelta 10 egunetan, ingelesa eta frantsesa eta multikirola eskainiko baitituzte. Saio guztiak goizez izanen dira, 09:00etatik 13:00etara edo 09:30etik 13:30era bitarte Labiaga ikastolan bertan eta tailerren arabera Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza edota Bigarren Hezkuntzako ikasleak apuntatu ahal izanen dira.

Robotika

Uztailaren 1etik 5era bitarte eskainiko da eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduriko saioak izanen dira. 09:00etatik 13:00etara eskainiko dute, ikastolan bertan. Helburuak robotika alorrean trebatzea eta opor garaiaz gozatzea; pentsamendu konputazionala garatzea; teknologia berriak euskaraz bizitzeko aukera berritzaileak ahalbidetzea; teknologia berrietako eredu eta praktikak ikuspegi parekidetik lantzea... dira. Parte hartu nahi dutenek 140 euro ordaindu beharko dituzte (Ikastoletako ikasleek 115).

Abesbatza tailerra

Lehen Hezkuntzako hirugarren maila eta Bigarren Hezkuntzako bigarren maila arteko ikasleentzat izanen da. Abesbatzaren dinamika bizi eta ezagutzeko eta ahotsaren aukerez jabetzeko aukera izanen dute. Imanol Elizasuren gidaritzapean bilduko dira uztailaren 1etik 5era (10:00-13:00). Hondarreko egunean emanaldi txiki bat eskainiko dute. Izen-ematea 115 euro (Ikastoletako ikasleek 90).

Munduari buelta 10 egunetan

Uztailaren 1etik 12ra bitarte eskainiko den ikastaroa da. Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izanen dute, 09:30etik 13:30era. Munduko hainbat herrialdeerako ohitura eta kulrurak ezagutu eta bizitzeko zein euskaraz hitz egiteko aukera izanen dute ikasleek. Munduko jolasak, sukaldaritza, dantzak, eskulanak, irteerak eginen dituzte, 10 eguneko bidaian. Ikastoletako ikasleek 100 euro eta ikasle ez direnek 125 ordaindu beharko dituzte.

 

Ikasiz gozatzeko aukera izanen dute ikastolak antolatutako udalekuetan izena ematen duten gaztetxoek

Ingelesa eta frantsesa

Egun beretan, hau da, hilaren 1etik 12ra, eskainiko zaizkie saioak Lehen Hezkuntzako lehendabiziko maila eta Bigarren Hezkuntzako bigarren maila arteko ikasleei. 09:30etik 13:30era arte bilduko dira. Izen-ematea: 125 euro (Ikastolen Elkarteko ikasleek 100). Ingelesez eta frantzesez komunikatzeko gaitasuna landuko dute, jolas-dinamiken bidez eta tailer, proiektu zein ekintzak jorratuz.

Multikirola

Uztailaren 15etik 26ra bitarte (09:30-13:30) askotariko kirolak probatzeko eta horiez gozatzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek. Natur inguruneko ekintzak, taldekako kirolak, zunba, igerilekuko jarduerak... eginen dituzte. Kirolaren onurez gozatzearekin batera, giro on eta euskalduna izanen dute. Hiru urtetik aurrerakoek eman dezakete izena (125 euro, Ikastolen Elkartekoek 100).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun