Irunen sortu, Etxalarren bizi...
Ama etxalartarra dut eta nahi izan dugun bizimodua garatzeko aukera hemen aurkitu genuelako etorri ginen.
Natura, zure lotura...
Ingurugiro zientziak ikasi nituen eta nekazaritza ekologikoa garatzeko elkarteetan ibili naiz lanean. Orain, okintzan ari naiz...
Noiz abiatu zenuten proiektua?
2015eko irailean. Etxeko legami naturalekin eta irin ekologikoarekin egiten dugu ogia.
Zein da prozesua?
Ama oreari irina eta ura eman eta elikatzen eta erreproduzitzen uzten dugu (gauean eta hurrengo goizean). Eguerdian masa egin eta hortik laberatu arte beste bost bat ordu pasatu behar dira... 24 bat ordu behar izaten ditu. Masa egiteko oratzailea bakarrik erabiltzen dugu eta ondotik egurrezko labean erretzen dugu.
Herrian lan egin eta bizitzeko aukera nola ikusten duzu?
Lanpostuak sortu behar dira. Gazteek Etxalarren gelditu nahi dutela uste dut. Ditugun baliabideetan sinetsi behar da. Baserritik ezin dela bizi esaten digute, eredu-industrialetara bideratu ohi gaituzte...
Zer esanen zenieke gazteei?
Esperimentatzeko eta formatzeko; besteek nola egiten duten, nola merkaturatzen duten… ikusteko. Ondotik, inbertsio handirik gabe ahal dena egiten saiatzeko.
Egindako lana eskertzen da?
Ez da erraza ikustea, baina normala da. Jendeari garestia iruditzen zaio... Azken finean hautua da, baloreak dira. Bakoitzak bere lehentasunak ditu eta hori ikusaraztea gure ardura da.
Bidaziko kide ere bazara.
Duela 5-6 urte sartu nintzen. Helburua elikagai osasuntsuak eskuragarri jartzea da, bertako nekazaritzari bide emanez.
Ez da erronka makala.
Lan handia egiten dute eta hori ez da ikusten. Gizartea eraldatu nahi dugu eta nonbaitetik hasi behar da. Gure proiektuak ez dira perfektuak baina egiten den lana izugarria da, eskertzekoa.
Nolakoa izan da herrira egokitzeko prozesua?
Erraza. Haurrak oinez eskolara, plaza-giroa, harremanak, auzolana... asko gustatu zait.
Etorkizunerako proiekturik?
Lurrari gehiago lotzea.