Emarri emakume taldeak marka ezarri du Usurbilen 3.800 kiloko harriarekin

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 13a, 19:00

Tartean ziren Estitxu Almandoz eta Ainhoa Alzugarai lesakarrak

Denbora darama Emarri taldeak harriak mugitzen. Normalean, zortzi emakumek osatzen dute taldea, eta 550 kiloko harriarekin aritzen dira normalean. Usurbilen maiatzaren 12an egin duten erronkarako, ordea, marka jartzea zuten helburu eta horretarako 22 emakumezko behar zituzten. Hiru plaza pasa egin dituzte ordu erdian. Lehen aldia da emakumez bakarrik osatutako talde batek Usurbilgo Harri Handia mugitzen duela. Horien artean daude, Lesakako Estitxu Almandoz Maia eta Ainhoa Alzugarai Almandoz. 

Maiatzaren 19an Perurenako plazan

Aitzinera begira, bertze marka ahalegin bat ere badute begibistan. Maiatzaren 19an, Perurenako plazan, Astigarraga eta Oiartzun artean aritzekoak dira Emarrikoak. 600 kiloko harriarekin ariko dira zortzi emakume, tartean, berriz ere, Estitxu Almandoz eta Ainhoa Alzugarai.

Zamalbide auzoko eta Astigarragako Bentetako San Isidro festen barrenean, igandean 18:00etan hasiko den jaialdian Euskal Pentatloia ere jokatuko dute zazpi kirolarik: Xabier Ariztegi “Santxin” etxalartarra izanen da eskualdeko ordezkaria eta berekin batera, Beñat Amade, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Joseba Otaegi, Luis Txapartegi, eta Unai Ardeo Zaldua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun