Pisu arinetan ere agintzen hasi dira Beti Gazteko lauko sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 13a, 18:00
Beti Gazteko mutilen taldeak tiraldi guztiak irabazi zituen Donezteben ere. Argazkia: Xagu-Lesaka

Gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko kiloko lehen jardunaldian nagusitu ziren lesakarrak larunbatean Donezteben

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako saioa jokatu dute maiatzaren 11n, larunbat arratsaldean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Gizonezkoen 300 kiloko, emakumezkoen 235 kiloko eta kadeteen 280 kiloko kategorietako lehen jardunaldia zojatu zuten. Pisu astunetan txapelak jantzi ondotik, Lesakako Beti Gazteko taldeak nagusitzen hasi dira arinetan ere, gizasemeetan nahiz gizonezkoetan.

Gizasemeetan, tiraldi guztiak irabazi zituen larunbatean Beti Gazte taldeak (7 puntu). Ondotik sailkatu ziren Berriozar B (6 puntu), Txantrea (5 puntu), Kaskallueta (4 puntu), Berriozar A (3 puntu), Antsoain (2 puntu) eta Araxes (puntu 1). Emakumezkoetan bi talde jarri ditu goma gainean Beti Gaztek eta bi onenak izan ziren Donezteben. Beti Gazte Bk tiraldi guztiak irabazi zituen (6 puntu) eta Beti Gazte Ak denak Bkoaren kontrakoak izan ezik (5 puntu). Berriozar hirugarren izan zen (4 puntu), Txantrea laugarren (3 puntu), Antsoain A bosgarren (2 puntu) eta Antsoain B seigarren (puntu 1).

Kadete mailan ez da eskualdeko ordezkaritzarik. Andra Mari B nagusitu zen larunbatean Donezteben, Antsoain B, Berriozar A, Antsoain A, Berriozar B, Araxes eta Andra Mari Aren aitzinetik.

 

Bigarren jardunaldia larunbatean Antsoainen 

Kategoria hauetako bigarren jardunaldia, eta gizaseme nahiz emakumezkoen finalak maiatzaren 18an jokatuko dituzte Antsoainen, 17:00etan. Nafarroako 4x4 txapelketa bukatzeko maiatzaren 25ean Berriozarren jokatuko dute txapelketa mistoa jardunaldi bakarrean. Beti Gazteko bi talde eta Txantrea, Berriozar eta Antsoaingo hiruna lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun