Berako abesbatzak eta txistulariek kontzertua eskainiko dute maiatzaren 11n Mendillorrin

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 10a, 14:00

Berako abesbatzak eta txistulariek Donostian (argazkian) eta Zugarramurdin ere eskaini dituzte emanaldiak elkarrekin.

Larunbatean 19:00etan Civivox aretoan

Berako Abesbatzak eta txistulari taldeak kontzertua eskainiko dute maiatzaren 11n, larunbatean 19:00etan Mendillorriko Civivox aretoan. Bi taldeek antolatu dute emanaldia, Berako eta Iruñeko udalen, Berako Kultur Batzordearen eta In Tempore abesbatzaren laguntzarekin.

Lehenik abesbatzak Agurra (Herrikoia), Alma, corazón y vida (Adrián Flores Alván) eta Isidoro Fagoaga (Mari Jose Vergara eta Julen Zelaieta) abestuko dute; ondotik, txistulariek Pello Joxepe, Gerardo Butrónen rapsodia joko dute. Segidan, abesbatzak eta txistulariek elkarrekin Euskal musikaren gorespena (herrikoia), Mendigoizaleak (Alejandro Olazarán), Gabiltzan kalez kale eta Bigarren kalez kale (Pablo Solozabal), Gurea da (Sabin Salaberri) eta Negra Sombra (Rosalía de Castro) eskainiko dituzte; txistulariek bakarka, Kaskagorria (J.I Ansorena) eta Arin Arin (herrikoia) jo ondotik, bi taldeek elkarrekin borobilduko dute emanaldia, Pierre Bordazarre Etxaun-Irudiren Agur Zuberoa eskainiz.

Lehendik ere elkarrekin emanaldiak eskainiak dituzte Berako Abesbatzak eta txistulariek Donostian eta Zugarramurdin. Mendillorriko emanaldiaren ondotik, ekainaren 16an Aralarko santutegian kantatuko dute berriz, abesbatzak kantatuko duen meza ondotik. Berako abesbatzak maiatzaren 26an eta ekainaren 2an eta 23an kantatuko du Berako elizan, lehen jaunartzeak, sendotzeak eta Bestaberri egunak direla-eta. Heldu den urteko udaberrirako, Berako musika bandarekin eta herriko dantzariekin batera eginen duen emanaldi bat prestatzen ere ari da Berako abesbatza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun