Angeluko Vocanti abesbatza
Philippe Mendesek sortu zuen 1999an Angeluko Vocanti Abesbatza. Baionako Kontserbatorioan trebatutako zuzendari honek, sari ugari irabazi ditu bertan. Zuzendaritza ikasketak Robert Delcroix-ren eskutik jarraitu zituen eta gaur egun Euskal Herriko Abesbatza-zuzendaritzaren Akademiako partaide dugu. Profesionalez osatutako Ascèse Abesbatza ere sortu zuen 2013an. Gaur gurekin izanen den abesbatza hogei ahots inguruk osatzen dute. Erlijio-musika dute gustoko bereziki eta konposatzaile garaikideak lantzen dituzte, euskaldunak barne. Lan handietan elkarlanak egin izan dituzte bertze abesbatza batzuekin: Mozarten Requiema, Bachen kantatak, Orffen Carmina Burana…
Canto a la Virgen (Javier Busto), O vos omnes (Pau Casals), Bogoroditse (Sergei Rachmaninov), Ubi Caritas (Ola Gjeilo) eta The dark eyed sailor (Ralf Vaughan Williams) abestuko dituzte.
Jacako Orfeoia
Tomás Asiainek sortu zuen 1962an Jaca-ko Orfeioa. 20 urte beranduago, 1981ean, Donostiako Orfeoitik etorritako Lorenzo de las Cuevas-ek hartu zuen zuzendaritza. Portugal eta Austrian zenbait emanaldi eskaini ondotik, Juan Pablo II.a Aita Santuak k Zaragozara egindako bisitan kantatzeko aukera izan zuten. Gaur egun zuzendaria den Celia Casas aukeratu zuten 1992ean abesbatza gidatzeko eta kontaezinak izan dira geroztik eskainitako kontzertuak eta bisitatutako lekuak, lan hagitz zailak taularatuz. 35 kantarik osatzen dute gaur egun orfeioa, eta hizkuntz eta mota ezberdinetako lanak eskaintzen jarraitzen dute.
Ave Maria (Franz Bielb), Sanctus-Benedictus (Josep Vila), Aita gurea (Aita Donostia), Segalariak (Josu Elberdin), De ronda por Aragón (Josu Elberdin), Nyon Nyon (Jake Runestad) eta Bésame mucho (José Galván) abestuko dute.
Giltzarri abesbatza
Baztan Bidasoako 30 abeslariz osatutako abesbatza da Giltzarri (Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Hendaia, Irun, Baztan eta Malerreka). 1996an hasi ziren lanean inguru hauetako lagunen artean ahots-musika sustatzeko asmoz. Hasieratik Isabel Lacarrek zuzentzen du abesbatza eta era guzietako musikaz osatutako errepertorioa lantzen dute, batez ere XVI. mende osteko Europako musika, hegoamerikar eta euskal musika tradizionala, aberastasuna ezberdintasunean dagoela uste baitute. Abesbatza sortuz geroztik Euskal Herrian zehar kontzertuak eskaintzeaz gain, Austria, Frantzia, Gaztela, Asturias eta Kataluniara bidaiatu du. Imanol Elizasu piano-jotzailea lagun dutela O rex glorie (Josu Elberdin), Ave Maria (J. Rubén Cid), Loriak udan (Devid Azurzak armonizatua), Izar ederrak (Josu Elberdin) eta Arrosarik ez da – Dantza (Xabier Sarasola) abestuko dituzte.