Toki Ona institutuan memoria historikoa lantzeko proiektu bat egin dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 8a, 15:00
Ikasleek harrobian herriko historiako «zenbait pasarte ilun» ezagutu zituzten.

Ekainean Ezkabatik Urepeleko ihesaldiaren ibilbidearen zati bat eginen dute

Toki Ona ikastetxeko DBH 4.Bko ikasleek, Nahia Senper Mazizior irakaslearekin, Memoria historikoa landu dute. Horretarako, gelan edukiak ikusteaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak eta proiektuak landu dituzte.

Proiektu horren helburu nagusiak memoria historikoa lantzea, oroimen historikoa jasotzea eta hausnartzea izan dira,  gizartean garai batean sendatu gabe utzi ziren zauri edo egoerak sendatzen eta sendotzen lagundu nahirik.

Institututik kanpo egindako jarduerei dagokienez, 2019ko martxoaren 22an Beran barna txangoa egin zuten. Lehenbizi, harrobira joan ziren eta bertan irakasle den Nahia Senper Maziziorrek hainbat azalpen eman zizkien han gertatutakoaren inguruan.

Argaitzeko harrobian herriko historiako «zenbait pasarte ilun» ezagutu zituzten, erraterako, muralaren erranahia azaldu zien, zer gertatu zen harrobian, nola eragin zion eskualdeari, nork parte hartu zuen fusilatzeetan, eta abar.

Ondoren, harrobitik udaletxeko plazara joan ziren eta han bertze hainbat azalpen jaso zituzten DBH 4.Bko ikasleek. Izan ere, bertzeak bertze, irakasleak kontatu zien Beran 100 familiak alde egin behar izan zutela herritik eta hiru baino ez zirela bueltatu. 1936ko gerra eta frankismoaren inguruan hausnartu eta gero, Berako bestetako suziria 36ko Gerrako ahaztuek bota zutela eta azaroan omenaldi bat egin zitzaiela ere azaldu zien.

'Ezkaba 1938-2018' erakusketan

Apirilaren 1ean, berriz, Iruñea aldera joan ziren. Lehenbizi, Burlatako Kultur Etxeko “Ezkaba 1938-2018” erakusketa ikusi zuten eta azalpenak Txinparta taldeko Koldo Plak eman zizkien. Duela 30 urte memoria historikoarekin konprometitutako gizona da eta gaiaz anitz daki. Hainbat gertakari, azalpen eta anekdota kontatu zizkien. Haien erranetan «hagitz interesgarriak eta hunkigarriak». Horren ondotik, Ezkabara joan ziren “Botilen hilerria” ikustera eta gotorlekuko lubakietatik ibilbidea egin zuten.

Gelan taldeka proiektu bana egin dute gaiaren inguruan. Horretarako, elkarrizketak egin dituzte,  informazioa lortu... Egindako lana bideo batean laburtu eta sarera igo dugu. Gure lana Berako  Udaleko nahiz Toki Ona institutuko webguneetan ikus daiteke.

Bukatzeko, ekainean Ezkabatik Urepeleko ihesaldiaren ibilbidearen zati bat eginen dute. Ibilbide hori hiru egunekoa izanen da, baina haiek egun bakarra eginen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun