Aurkeztu zure burua.
Kotxeak, eskiatzea eta bidaiatzea gustuko duen igantziar mutil saltsero bat naiz.
Zer egiten duzu egunerokoan?
Lanetik ateratzen naizenean garajera joan eta nire saltsan ibiltzeko denbora falta izaten dut. Gustuko tokian orduak motz izaten dira.
Nondik datorkizu kotxeekiko zaletasun hori?
Egia erran ez dakit nondik heldu zaidan. Ttikitatik bizikleta, motor eta kotxeen bueltan sortzen den saltsa hori gustatu izan zait. Inguruan motorzaleak ere baditut eta horrek ere eragina izanen du...
Noiz hasi zinen rallytan?
Duela lau urte Lesakako igoera izan zen egin nuen lehendabizikoa. Aste horretan erosia nuen kotxea eta motorrak ez zuen ezta 200 metro ere iraun (irrika). Ordutik dezentetan parte hartu dut.
Zein izan da egin duzun igoera politena?
Joan den urteko Malerrekako Rallysprinta. Euritan laster egitea gustatzen zait eta halaxe izan zen. Horri esker hirugarren postua lortu genuen.
Izpegiko II. Rallysprinterako zein erronka jarri diozu zeure buruari?
Joan den urtean ez nuen joaterik izan, kotxea ez bainuen prest. Aurten baietz espero dut eta lehendabiziko hamarretan gelditzea gustatuko litzaidake.
Udara begira, baduzu bertze lasterketik buruan?
Pila bat, baina batez ere Lesakako Rallysprinta eta Pays Basque Rallya ilusioz hartuko ditut.
Zein da kotxea kontrolatzeko sekretua?
Kolpeka ikasten da, hautsiz (irriz). Bertzalde, kopilotoak egiten duen lanak ere badu zerikusia, jendeak uste duena baino gehiago... Lanaren erdia berea dela erranen nuke.
Rallyrik ez dagoen asteburuan zein da plan hoberena?
Eskiatzera joatea, elurra dagoenean aukera ederra izan daiteke.
Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Planak behar bezala ateratzeak eta lasterketen aitzineko egunean kotxea ongi ibiltzeak, Lesakan, Jaizkibelen eta Bidasoan hondatu egin zitzaidan eta... (irriz).
Amets bat?
Igoeraren batean porche batekin ateratzea gustatuko litzaidake.