Ikastolara oinez joateko Ttirriki-Ttarraka egitasmoa abiatu du Tantirumairu ikastolak

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 29a, 07:30

Ttirriki-Ttarraka egitasmoaren logotipoa.

Ortzegunetik aitzinera, goizetan Bittiria aldetik eta Antoiu aldetik abiatuko dira Tantirumairuko ikasleak

Neska-mutikoengan ohitura osasuntsuak sustatu bidenabar, ikastetxeetarako sarrera-orduan sortzen diren auto-pilaketak eta trafiko arazoak saihesteko asmoz, Tantirumairu ikastolako guraso batzordeak Ttirriki-Ttarraka egitasmoa abiatuko du ortzegunetik, maiatzaren 2tik, aitzinera.

Egitasmoaren helburua, goizero ikastolara ahalik eta ikasle gehien oinez hurbiltzea da. Horretarako bi zutabe osatuko dituzte: Ttirriki, 08:40an Eltzetako plazan abiatu eta Bittiria, Erdiko Errota eta Plaza Zaharrean barna ikastolara 08:55ean ailegatuko dena; eta Ttarraka, Itturrunzubiko plazako iturrian 08:45ean gelditu eta Antoiu karrikan eta Eskol-Ttikin barna ikastolara joanen dena. Bietan gurasoren bat izanen da arduradun, baina ikasle bat izanen da taldeko gidaria, txandaka.

Maiatzetik ikasturte bukaerara proba eginen dute eta heldu den ikasturte hasieratik egitasmoarekin segitzeko asmoa dutela adierazi dute. Ttirriki-Ttarraka ezagutzera emateko eta ikasleak eta gurasoak parte hartzera animatzeko, logotipoa, kantua eta kamisetak ere prestatu dituzte.

 

TTIRRIKI-TTARRAKA KANTUA

Zergatik kotxez bete
goizero Lesaka
ez dago hain urruti
begiratu mapa
gurekin baditugu
sasoiko bi hanka
lagunak ere bertan 
joanen dira ta
goazen ikastolara
Ttirriki-ttarraka.
 
Bat da aintzineskua
bat da arduradun
aldatuko duguna
egunikan egun
Ttirriki Bittiritik
horiaren lagun
Ttarraka urdina da
biltzen da Antoiun
mundu berdeago bat
eraiki dezagun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun