Mendi lasterketa antolatuko du lehen aldiz Beti Gaztek ekainaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 22a, 12:00
Beti Gazte Lasterka taldeko kideak Berako Mendi Maratoi Erdian. Ekainaren 15ean Lesakan antolatuko dute mendi lasterketa lehen aldiz.

167.000 euroko aurrekontua izanen du aurten Lesakako elkarteak, inoiz baino bazkide gehiago (1.287) dituen urtean.

167.000 euroko aurrekontua izanen du aurten Beti Gazte elkarteak, urteko batzarrean onartu zuenez. Iaz 150.178,13 euroko gastuak eta 176.907,05 euroko sarrerak izan ziren. Zuzendaritza batzordean ez dago aldaketa handirik eta Jose Luis Sunsundegik segiko du presidente lanean.

Urteko ekitaldiei dagokienez berrikuntza garrantzitsu bat bada. Izan ere, aurten Beti Gazte lasterka taldea indarrez hasia da, eta horren erakusgarri, lehen aldiz antolatuko duen mendi lasterketa. Ekainaren 15ean eginen dute. Horrekin batera, Muxiko dantza taldea eta kantu taldea ere sortu ditu aurten Beti Gaztek. Aurten ere Donosti Cup txapelketako partidak hartuko ditu Mastegi futbol zelaiak uztailaren 8tik 13ra. Batzarreak sokatira taldea zoriondu zuen urte osoan lortutako emaitzengatik.

Gaur egun 1.287 bazkide ditu elkarteak, inoiz baino gehiago eta 574 kirolari lizentzia.

 

Ezagutu Dezagun Lesaka

Bertze urte batez, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketa ere deitu du Beti Gaztek, Udalaren laguntzarekin. Herriari buruzko 30 galdera egiten zaizkie eta erantzun-orria apirilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute Irain Eskola publikoan, Tantirumairu ikastolan edo Beti Gazte elkartean.

Ikasleak hiru mailatan banatuko dira. A mailan, 1. eta 2. kurtsoko ikasleak sartu dira; B mailan, 3. eta 4. mailako ikasleak eta C mailan, 5. eta 6. mailakoak. Hiruetan sari berdinak izanen dituzte: lehenbiziko saria 40 eurokoa izanen da, bigarrena 35 eurokoa, hirugarrena 30 eurokoa eta laugarrena 25 eurokoa.

Sarietan ez da dirurik emanen, material didaktikoa erosteko txartelak baizik. Berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen da.  Maila guzietako onenari sari berezia emanen zaio. 12 galdera baino gehiago erantzuten duten guzieri saritxoak emanen zaizkie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun