Uharteko Aitor Aristregik atera du Bidasoko Lehenbizikoa

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 17a, 11:00
Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko Lorenzo Jaurenak eman dio Aristregiri Bidasoko Lehenbizikoaren garaikurra.

Ia 6 kilo eta erdiko izokin emea da eta 1.800 eurotan erosi du Donostiako Errekondo jatetxeak

Sasoia apirilaren14an ireki bazen ere, astezkenera arte ez dute atera lehen izokina Bidasotik. 6,460 kiloko pisua eta 83 zentimetro luze duen izokin emea arrantzatu du Uharteko Aitor Aristregi Oloriz, 27 urteko arrantzaleak eta Donostiako Errekondo jatetxeak erosi du, 1.800 euroren truke.

Denboraldia igandean ireki bazen ere, asteazken goizera arte esperatu behar izan da aurtengo denboraldiko lehen izokina ateratzeko. Apirilaren 17an, asteazken goizean atera du Aitor Aristregik, 15 minutuko borrokarekin ondotik, kutxarilla erabiliz. Hiruzpalau urte daramazki Bidasora arrantzara etortzen, baina lehen aldia da izokin bat arrantzatzen duela. Izokinetara ez ezik, amuarrainetara Aragoi edo Irati ibaietara ere joaten omen da.

Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko Lorenzo Jaurena presidenteak saria eman dio Aristregiri lehen alea harrapatzeagatik. Izokina, berriz, Donostiako Errekondo jatetxeak erosi du, 1.800 euroren truke. Denboraldiko lehen izokina soilik sal daiteke, gainontzekoak ezin dira merkaturatu.

 

Gehienez 60 izokin

Izokinen arrantzarako baimenen sistema mantenduko da denboraldi honetan, eta gehienez 60 arrantzatu daitezke.

Denboraldia apirilaren 14an hasi da eta arrantza-debekualdia maiatzaren 27tik ekainaren 13ra zehaztuko da (bi egunak barne). Uztailaren 31n bukatuko da denboraldia edo lehenago, 60. izokina arrantzatzen den egunean. Bertzalde, Las Nazasen, ur emaria egokia ez denean, arrantza debekua kendu da.

Berrikuntza nagusien artean arrantzatutako izokinak Departamentuaren eskuetan uzteko aukera jaso da, arrain-haztegietara eraman daitezen ondoren jarraipena egiteko ‘Izan zaitez Bidasoko izokinaren babesle’ kanpainaren baitan. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun