Beti Gazteko neskek eta mutilek irabazi dute Nafarroako lauko sokatira txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 15a, 14:00
Beti Gazteko nesken eta mutilen taldeak, kontent txapelekin eta lortutako emaitzekin.

Apirilaren 13an Lesakan jokatutako finaletan nagusitu ziren 320 eta 255 kiloko kategorietan 

Nafarroako lauko sokatira txapelketako lehen finalak jokatu zituzten larunbatean Lesakako udal pilotalekuan. Gizonezkoek 320 kiklotan eta emakumezkoek 255 kilotan jokatu zituzten txapelak eta bietan etxean gelditu zen txapela.

Gizonezkoen 320 kiloko kategorian, Txantreako lehen jardunaldian bezala, tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek, baita Berriozarren kontrako finala ere. Hirugarren Txantrea izan zen eta laugarren Antsoain. Beti Gazteko taldean Karmelo Mitxelena, Unai Gurrutxaga, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea izan ziren txapeldun, Beñardo Iantzi erakusle zutela.

Emakumezkoen 255 kiloko txapelketan, lehen jardunaldiko emaitzak ikusita, Beti Gazteko bi taldeen arteko finala espero zuten lesakarrek, baina ez zen posible izan. Beti Gazte Bk lortu zuen puntuaziorik altuena bi jardunaldiko puntuak batuta, baina Beti Gazte A eta Berriozar berdinduak gelditu ziren. Beraz, desenpatea jokatu behar izan zuten finalera sartzeko eta Berriozar nagusitu zitzaion Lesakako taldeari. Finalean, Beti Gazte Bk menpean hartu zuen Berriozar eta txapela Lesakan gelditu zen. Aitziber Goienetxe, Udane Arbelaitz oiartzuarra, Ane Gurrutxaga eta Ainhoa Ubiria aritu ziren talde txapeldunean, Joxe Angel Mitxelena erakusle zutela. Hirugarren izan zen Beti Gazte A taldean, berriz, Irantzu Goienetxe, Amaia Leiza, Udane Loidi oiartzuarra eta Maria Iantzi igantziarra aritu ziren.

Jose Luis Sunsundegi, Beti Gazte elkarteko presidenteak paratu zituen txapelak.

 

Pisu arinenetan eta txapelketa mistoa Aste Santua eta gero 

Nafarroako lauko sokatira txapelketak segida izanen du Aste Santua eta gero. Maiatzaren 11n, gizasemeen 300 kiloko eta emakumeen 235 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Donezteben eta maiatzaren 18an, Antsoainen bigarrena eta finala. Maiatzaren 25ean, azkenik, txapelketa mistoa jokatuko dute Berriozarren jardunaldi bakarrean, 280 kiloko kategorian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun