Ehun bat akordeoilari bildu dira Arantzan egin den Nafarroako Akordeoilarien Topaketan

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 15a, 09:00

Eguraldia lagun, giro ederrean joan zen joan den larunbatean Arantzan egin zen Nafarroako Akordeoilarien Topaketa. Bederatzigarren edizioa zuen topaketak eta akordeoilariek ez zuten hutsik egin.

Goizean elkartu eta Gregorio Mitxelena herriko akordeoilariaren solasen ondotik, Juan Miguel Almandoz alkateak harrera egin zien bildutakoei. Arantza herriak akordeoiarekin izan duen lotura aipatu zuen eta horrekin batera, herriko lehengo akordeoilariak izan zituen gogoan. Gisa berean, eskerrak eman nahi izan zizkien topaketa antolatu zutenei, halako ekitaldi bat Arantzan egitea «ohorea» dela adieraziz. Ondotik, Arantzako akordeoilariek fandango zahar bat jo zuten, Julian Larretxea eta Jaione Mazizior herriko dantzariek dantzatu zuten bitartean. Segidan Udalak luntxa eskaini zien bildutakoei eta ondotik herrian barna kalejiran ibili ziren akordeoilariak. Goiza borobiltzeko Aterpean bazkaldu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun