Helpbidea egitasmoa azaltzeko bilera eginen dute Beran apirilaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 13a, 10:00
Berako baserri guztiak izanen dute bere "Nortasun Agiri" zenbakia, larrialdietarako erabilgarria.

Astelehenean 18:00etan Beralandetan ezagutzera emanen dute larrialdietan etxeak non dauden identifikatzaileen erabilpena

Helpbidea egitasmoaren berri emateko bilera deitu du Berako Udalak apirilaren 15ean, astelehenean 18:00etan Beralandetan. Etxe eta baserrietarako plakak eginak dituzte eta etxeen bide aldeko fatxadetan jarriko dituzte, ageriko leku batean. Helburua, larrialdi kasuetan, 112ra deitzearekin, plakan ageri den kodea erabiltzea da, larrialdi zerbitzuek non dagoen identifikatzeko.

Berako Udalak dioenez, «Mendialdean bizi garenok badakigu gure herriak leku zoragarriak direla bertan bizitzeko. Naturak eskaintzen dizkigun paisaiak eta nekazaritza eta abeltzaintzak zaindutakoak ederrak dira, eta bizimodua lasaia da bertan. Baina, paisaia horren barruan, gure baserriak mendietan modu sakabanatuan egoteak baditu eragozpenak ere, larrialdi egoeretan erraterako. Larrialdi zerbitzuak, noizbait aurkitu izan dira baserriren bat aurkitu ezinda, zoritxarrez, horren ondorioz kalte material eta pertsonalak areagotu daitezkeelarik».

Zonaldeko Udalak, Nafarroako Gobernua (Suhiltzaileak, Osasun Saila, Foruzaingoa, Babes Zibila eta Informatika) eta Tracasa enpresa publikoaren arteko urteetako elkarlanak ondorioztatu du, arazo honi aurre egiteko modurik onena, etxebizitza bakoitzarentzat Helpbidea izeneko identifikatzailea erabiltzea dela, hau da, Nafarroan dagoen edozein eraikuntzari nolabaiteko Nortasun Agiri zenbaki bat egokitzea. Helpbidea identifikatzailea ez da denboran zehar aldatuko, eta larrialdi zerbitzuek ezagutzen dute.

Hau dena ongi azaltzeko eginen dute asteleheneko bilera Beralandetan (18:00). Berako Udalak baserritar guztiak gonbidatu ditu: «Garrantzitsua da zu hemen egotea, larrialdi momentuetan zure baserriraino ahal bezain laster iristea baita helburua».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun